Ekainarekin batera Artgiako ateak ireki dira. Gasteizko Judimendi auzoan dago sorgune eta erakusketa areto hau, eta Uxue Bereziartua hernaniarraren 41 Habitat esposizioa estreinatu berri dute. Ilustratzaileak 41 espazio edo mikroklimen inguruan hitz egiten digu, eta horretarako, emakumearen gorputza erdigunean jartzen du.
Artgia sorgune eta aretoak COVID-19a zela-eta 75 egun igaro ditu itxita, baina pasa den maiatzaren 31n indarberrituta zabaldu zituen ateak. Eskaintza artistiko indibidual eta kolektiboez gozatzeko aukera ematen duen espazio hau, sorkuntza artistikoa eta kultur kudeaketan oinarrituta dago. Erakusketarako toki bat baino gehiago da Artgia, elkartzeko, partekatzeko eta ikasteko arte galeria da, eta maiatzaren 31tik ekainaren 15era arte Berexi-ren artelanak zainduko ditu.
Uxue Bereziartuaren izen artistikoa da Berexi, eta bera izan da, hain zuzen, 2019ko EmART (emakume sortzaile gazteentzako deialdia) bekaren irabazleetako bat. Gipuzkoarrak urteak daramatza ilustrazioa, diseinua, serigrafia eta tatuajeak egiten, eta kolore paleta propioekin jolasteko ohitura dauka. Berde argiak, arrosak, laranjak, horiak eta marroiak dira gehien erabiltzen dituen koloreak, nahiz eta noizbehinka ukitu ezberdinak sartzen dituen haren lanetan.
Aurkeztu berri duen erakusketan, 39 emakume ezberdin irudikatu ditu hainbat koadrotan, gizartean nagusitzen diren kanonetatik urrunduz. Aluak, bularrak, ileak, zakilak eta gorputz biluziak gailentzen dira irudietan. Gizentasuna, amatasuna, depilazioa, haurdunaldia, feminitatea eta sexualitatearen inguruko hausnarketak datozkizu burura artelanak ikusi bitartean.
Ilustrazio bakoitzak sentimendu bat adierazi nahi digu, egoera ezberdin bat, bizitzako errealitate bat, hau da, askotariko sentsazioen mundu bat. Emakumeok bizi ditugun barne-gatazka ugariak plazaratzen dira, eta egileak dioen moduan, barne xomorroei begiratzeko ekintza da, zenbat xomorro biziko dira emakume honen barruan, eta zenbat joango ziren jada?
Imajinazioa lantzeko erakusketa honetan gorputz bakoitzaren atzean egon daitekeen istorioa aukeratzeko eta asmatzeko parada ematen digu egileak. Habitat bakoitzean gertatu dena eta gertatuko dena irudiztatzeko askatasuna.