argia.eus
INPRIMATU
Gorputzak

Cira Crespo @maternalias 2024ko maiatzaren 20a
Argazkia: Marked, CC0 1.0.

Gasteizko langile auzo batean bildu dira, taberna berritu batean. Aurrean itunpeko eskola erlijioso bat dago, ondoan auzoko eskola publikoa. Handik ez urrun Salburua parkea dago, eta, horregatik, posible da, zerura begiratuz gero, agian, zikoinaren bat ikustea. Handik ez urrun, halaber, hiru gizarte-etxe daude, hiru horietako bik igerileku zoragarriak dauzkate. Goiz arrunt bat da. Emakumeek kafesne bat, edo kafe deskafeinatu bat, edo laktosa gabeko esne epeldu kafesne bat, basoan, edo horrelakoren bat hartu dute.

Emakumeek erditu ziren garaitik ezagutzen dute elkar, elkarrekin joaten zirelako edoskitzearen bileretara. Hamar urte dira elkartu ez direna, eta hamar urte horietan amatasunak suntsitu egin ditu. Sozialdemokraziaren paradisuetan hori ere gertatzen da.

Seitik biri esklerosia diagnostikatu diete duela gutxi. Bikoiztuta ikusten zutela, hau izan zen lehenengo alarma. Bati, bikote-banaketa traumatiko baten ondoren erne zitzaizkion sintomak. Banaketaren ondoren ere bikotekide ohiarekin arazoak izaten ari da, baina hori jada horrela izango da aurrerantzean, eta horretara jarri beharko da. Besteari, bere lagun-minari ere diagnostikatu diote. Hau kasualitatea. Hala ere, laguna ez du hainbeste kezkatzen esklerosiarenak, baizik eta digestioa egiteko arazoak. Kontatu dienez ezin du ia ezer jan.

Hamar urte dira elkartu ez direna, eta hamar urte horietan amatasunak suntsitu egin ditu. Sozialdemokraziaren paradisuetan hori ere gertatzen da

Topaketa horretan antzeko sintomak ageri dituen beste emakume bat ere bada. Berak era bikoiztuta ikusten du, baina diagnostikoak dio ez dela esklerosia baizik eta estresa besterik ez. Orain askoz lasaiago dago. Emakumea lana utzi beharrean izan da, nahiz eta asko gustatzen zaion. Bere gaixotasunagatik, eta bere bikotekideak erantzukizun politiko handiko kargua daukanez etxean oso denbora gutxi egiten baitu, hemendik aurrera praktikan guraso bakarreko haurren ama bezala funtzionatu beharko du.

Laugarren emakumeak, haurdun geratu zen garaitik, ez du lo ondo egiten. Joan dira urteak, eta arazoa kronifikatu egin da: ofizialki, insomnioduna da. Pilulak hartuz konpontxo egin, eta aurrera egiten du. Orain medikuak esan dio bere insomnio motarako beste pilula mota bat ateratzekoak direla, eta askoz hobeto egongo dela.

Geratzen diren beste biek ez dute ezer esan, eta, berez, ondo daude osasunez. Horrek ez du esan nahi, agian, batzuetan lo gaizki egiten ez dutenik, edo, batzuetan, negar egiteko gogoa izaten ez dutenik, beraiek nahi baino maizago, akaso. Egia esan, batek ez du komentatu, baina antsietatea, konturatzerako, hipokondria bihurtzen zaio. Eta ondo gogoratzen du nola behin medikuaren kontsultan negarrez bukatu zuen, beldurra zeukalako, bere buruari beldur. Baina horri buruz ez du hitz egin topaketa hartan.

Han bildu diren emakume guzti horiek ez daukate arazo material nabarmenik, eta etorkizunak ez dauka itxura txarrik. Printzipioz, bizi diren lekua erosoa eta atsegina da, eta hala ere, ez daude ondo.

XXI. mendean gure gorputzak gudu-zelaiak dira, literalki, eta ez gara irabazten ari.