Inaugurazioaren biharamunean aretoak erdi hutsik; bi besaulkien arteko derrigorrezko hutsuneaz gain, ilara batzuk bete gabe ageri ziren goizeko lehen orduetan. Egon da despistatuta maskararik gabe kalera jaitsi denik, eta hura hartzera korrika atzera egin behar izan duenik. Protokoloaren exekuzioari ordena dario, eta saio bakoitzean badira jada aditu bilakatu diren akreditatuak, nola sartu eta nola atera jakiteko besteentzako eredu direnak. Dagoeneko bi eguneko filmen betekadarekin, badago zerekin alderatu bat eta beste. Horren zale amorratu baitira batzuk.
Akio Fujimoto japoniarrak bigarren film luzea du Umibe no kanojotachi lana. Hiru neska vietnamdarren istorioa marrazten du bertan Fujimotok, Japonian paperik gabe bizi eta lanean dauden gazte batzuen egunerokoa.
Hiruetako bat gaixotzean, mediku bat ikus dezan saiatuko dira beste biak; gizarte segurantzak, ordea, paperdunak bakarrik babesten ditu. Zuzendari japoniarrak lanagatiko migrazioaren baitan filmetan ohikoa ez den eszenatokia eraikitzen du: hirukoteak elkarren zaurgarritasuna zaintzeko duen aliantza ez da klixeetan galtzen, eta sinesgarri gertatzen da. Egoerak behartzen dituen prekaritatearen aurrean ez dira biktimizatuak ageri, baizik eta taldean gaindi dezaketenaren jarreran.
Gorpuzten den ondoeza giroan ere sumatzen da, eskuko kameraren mugimendu naturalek, argiak eta paisaiak lagundurik. Gizon migranteak maizago pantailaratu dira emakumeak baino, eta zuzendariak fintasunez marrazten du protagonisten egoeraren berariazkotasuna. Orotara film barneko denborak hiru bat egun kontatzen ditu, eta erritmo egokia sortzen du honek parean ditugun pertsonaien baitan sartzeko. Kanpoko akzio gutxirekin lantzen da hiru vietnamdarren barne mundua, amaierara arte tentsioa mantenduz; era asko baitaude, ekintzez itoarazteaz gain, film batek harrapa gaitzan.
Espainiako Estatuko filmen sailean eskaini da Jaione Cambordaren Arima luzea. Esperimental arloan mugitu den zuzendariak filmikoan landu du pieza, zeina herri bateko emakumeen beharrez ari den. Bakoitzaren iraganeko bizipenek orainean duten tokian sakontzean, elkar deskribatzen duten pertsonaiak sortzen dira; norbera ez da norbera, baizik eta besteen bidez sortzen dena.
Ispiluen jokoak osatzen du filma. Herrian bizi direnen eta jada bizi ez direnen arteko harremanak alter ego modura landuak dira, eta bakoitzak bestean aurkitzen du hutsunea betetzeko modua. Hamar bat urteko lanaren ostean jo du amaitutzat Cambordak film hau, eta ikuslegoarentzat tokia utzi nahi izan du gidoian, kontzeptuak zabalik utzita. Narrazio minimoarekin eginiko lana da, sotilki gertakizun batzuk proposatzen dituena; ikusten duenari dagokio hauek betetzea. Giro iluna maisuki landua da emozioen mundu ezegonkorrean, eta sinplea den istorioa konplexuki kontatzea lortzen du.
Aurreko filmaren sail berean lehiatzen da My mexican Bretzel. Nuria Giménezen lana da, aitona zenaren familia artxiboaz eraikitakoa. Esaldi batek zabaltzen du filma: "Gezurra ez da egia kontatzeko beste modu bat besterik". Aipuak garrantzia hartuko du irudietan aurrera joan ahala. 40ko eta 60ko hamarkadetan eginiko irudiak dira, ikuslegoak irakurri beharreko azpitituluez lagunduak eguneroko baten tonua hartzen dutenak. Zuzenariaren familia artxiboa izan arren, fikziozko istorioa eraikitzen du Giménezek irudi dokumentalen gainean; ikusten dena egia da, baina ez irakurtzen dena. Ala, akaso, bai? Zein ahalmen izan dezake zinemak gezurra dena sinestarazteko? Eta zein litzateke bien arteko aldea?
Hitzek irudiekin etengabeko jolasa proposatzen dute, batzuetan ikusten denari keinu eginez, baina sarri urrunduz. Eguneroko faltsuaren pasarteak ezagutu ez zuen amonaren lehen pertsonan kontatuak dira, eta horrek lortzen du artxiboaren lotura gainditzea: istorio bat baino gehiago konta daitezke material beretik abiatuta. Soinua kontu handiz landua da, irudi mutuen kutsua errespetatuta; noizean behin musikatua, batzuetan berreraikia, baina isiltasunari ere presentzia emanez. 80 minutuko bidaia bisualak bere pertsonaiekin nahiz begira daudenekin jolasten du, zuzendariak erabakitako istorio posibleetara eramanez gorputzak.