Arropa denda batera joan,
eta “neska” edo “mutil” sekzioa aukeratu behar izatea.
Aukeratu nahi ez baduzu,
haur sekziora joan behar izatea.
Eta bertan ere, kolore eta irudiek aukera beraren aurrean jartzea.
Arropa denda batera joan,
eta 42 talla baino handiagorik ez aurkitzea.
Horrelako dendaren batean,
feminismoa aldarrikatzen duten kamisetak salgai izatea.
Janariari beldurra izatea,
baita norbere gorputzari ere.
Eta janariaz ezin gozatzea,
ezta norbere gorputzaz ere.
Argaltzeko edo argal mantentzeko dena,
osasuntsua dela kontsideratzea.
Baita koipetsua eta azukreduna berez txarra dela ere.
Eta hori plazerez jaten duena,
epaitzea.
Guapa izan behar izatea. Guapa, atsegina eta jatorra,
...pasatu gabe, eh!
Photoshopez eraldatuta, arropa gutxiz eta guztiz kosifikatuta,
emakumeak kaleko iragarkietan aurkitzea.
Itsusiak izan ezin, baina itsusi izanda ere, objektu sexual besterik
ez diren emakumeak.
Sexy eta sexualak izan behar garela esaten diguten kartelak
etengabe topatzea.
Baita sexualak garenean pasatzen garela eta putak garela entzun
behar izatea.
Lodiak ere sexyak izan daitezkeela entzutea,
hobe sexyak, itsusi eta potolo hutsak baino.
Hiri eta herriko kaleetatik ibiltzea,
eta arropa eta estetika arloko marka handien okupazioa sentitzea.
Okupazio espaziala, diskurtsiboa, ideologikoa eta kapitala.
Frantziatik Donostiako Zarara erostera etortzea,
“prezio españolen” bila.
Baita Zara aitzaki hartuta turismoa bultzatzea ere.
Hiriko zentroa Amancio Ortegarena izatea,
zonaldea garestituz eta bertan bizitzea zailduz.
Auzoko azoka zena,
marka handien erakusleiho bihurtzea.
Eta bertakoek euren egunerokotasuneko ohitura, ibilbide eta
harremanak
aldatu behar izatea.
Prezio merkeen oihanean,
lehen merkatzen diren prezioak eskulanarenak izatea:
Inditexek mendebalde aberatsean dituen dendetan,
zein pobretutako herrialdeetan dituen lantegietan.
Azaroak 25 honetan honi guztiari indarkeria matxista deitzen diogu.
Indarkeria estetikoa jopuntuan jarri nahi izan dugu gaur, eta
horrekin batera egituratzen diren bestelako indarkeria forma eta
zapalkuntzak.
Indarkeria matxista ez baita zerbait isolatua edota gizartearen
akats bat, erroan kokatzen den zerbait baizik, mundu kapitalista eta
heteropatriarkal honetan ezinbestekoa.
Indarkeria estetikoak buruak eta gorputzak zeharkatzen dizkigu. Edo
horren ahalegina egiten du behintzat. Gure gorputzekin egin bezala,
lurraldea, hiria, kaleak eta espazio publiko eta komunitarioak ere
egin nahi ditu bere, indarkeria estetikoa bultzatu eta eragiten duten
agente kapitalista eta heteropatriarkal berberek.
Baina ez, ez gara objektu pasiboak, ez dugu izan nahi, eta ez gara
izango!! Indarkeria estetikoak gure gorputzetan ere kokatu digu
borroka,
eta gorputzetatik, gorputzekin eta gorputzez erantzungo diogu!
Guzti honengatik, pasa den larunbatean itxita esnatu ziren Donostiko
erdialdeko dendak, donostiarroi eta emakumeoi bizitza aldarazten,
inposatzen, txikitzen, bereganatzen dituzten komertzioak salatzeko
asmoz. Sortu eta eragiten duten indarkeriaren aurrean planto eginez,
eta inposatzen diguten hiri eredu kapitalistari ezetz esanez.
Ez ditugulako gure gorputzetan, gure buruetan, gure kaleetan, gure
hirian nahi.
Ilegalki baina zilegitasunez!
Proposatzen dizkiguten bideek ez digutelako balio.
Eskaintzen dizkiguten apurretatik ez dugulako bizi nahi.
Bizitza handiena delako,
inposiziorik gabe eta indarkeria matxistarik gabe bizi nahi
dugulako!
Borroka dezagun indarkeria sinbolikoa etxeetan, komunetan, kale eta plazetan, arropa dendetan eta tabernetan!