argia.eus
INPRIMATU
Hamza Abuhamdia (palestinar ekintzaile 'queer'-a)
“Gorputza da botere kolonialak okupaturiko lehen territorioa”
  • Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen eskubideen defendatzaile gisa kokatu eta demokraziaren ikur bezala aurkeztean datza Israelen pinkwashing-a, beti ere begirada horretan zentraturik, palestinarren aurkako kolonizazioa eta genozidioa isilean atxikitzeko gisan. Makineria hori xeheki gezurtatzen dabil Abuhamdia.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko azaroaren 14a
Hamza Abuhamdia, palestinar queer aktibista. Azaroaren 16an Makean egonen da, tailer bat bideratzen.

Hasteko, aurkeztu zaitezke?

Ea biziduna naiz, palestinarra, queer-a, umorista, artista militantea… Guztia batera, baina zein hurrenkeretan, hori ez dakit. Identitate geruza andana badut, eta aldatu daitezke. Hori bai, beti diot palestinarra naizela. Hebroneko hiritar gisa ere identifika naiteke, hiri horri lotua delako nire familia. Ezagutzen duzu Hebron? Palestinako hiri historiko bat da, Abrahamen hiria. Ammandar bezala ere identifika naiteke. Erran behar dut ere irakurketa oso marxista dudala eta zaila zaidala munduari begiratzea prisma horretatik kanpo.

Jordanian sortua zara, erbesteratze bortxatua pairatu zuten bi guraso palestinarren umea.

Israelen okupazioa pairaturikoa da nire familia ere. Aita erresistentziako kidea izan zen, bere 16 urteetatik PAE [OLP] Palestina Askatzeko Erakundekoa. Palestinan, Libanon eta Sirian borrokatu zuen eta preso sartu zuen Israelek. 1978an erbesteratu zuten Jordaniara eta ezin zuen Palestina deitu lurralde historikora sartu. 1998an lortu zuen baimena, Jassir Arafat presidente ohiaren esku-hartzeari esker. Itzuli zenean, guztia aldatu zitzaigun: bat-batean hiriko "izar ttipia" bihurtu zen iraultzailea, ospe handikoa bihurtu zen, koronel izendatu zuten eta horrek guztiak eragin handia ukan zuen familia giroan. Lau urte geroago berriz preso sartu zuten eta 11 urtez egon zen presondegian, minbiziak eraman zuen arte. Hamaika urte horietan bi alditan bakarrik egin nion bisita. Tratu txar anitz jasotzen zituela kontatzen zigun, besteak beste, Israelgo enpresa farmazeutikoek palestinarren gorputzean egiten dituzten tratamendu probekin –tartean, Teva, boikotatu beharreko enpresen zerrendan dena–.

Lau haur gara, nire bi anai handienak Hebronen (Palestina, Zisjordania) sorturikoak dira, Israelgo lege batek Palestinan egoteko eskubidea Palestinan sorturikoei bakarrik bideratzen zielako garaian. Ni jaio nintzenerako legea aldatua zen, eta umeak ez ziren halabeharrez Palestinan sortu behar. Guzti hori kontatzen dizut ulertarazteko benetan Israelek guzti-guztia digula bideratzen.

Zure ama ere militantea zen?

Beharturiko ezkontza izan zuten. Aita presondegitik atera zenean, bere 30 bat urteekin ezkondu eta familia bat osatzeko garaian zela erran zion amaren kusi batek –PAEko goiko arduradun bat–. Erran dezagun amaren aldea burgesia zela, doi bat feudala, eta aitarena ere bai, baina intelektualagoa, ezkerrekoa. Horrek gatazka handiak sortzen zituen bien artean. Demagun, aitak nahi zuen errefuxiatuen kanpamentu batean bizi, herrian gelditzeko, borrokaren baitan; amak, ordea, ez, bere haurrentzako gune seguruagoa nahi zuen, eskolaratu nahi zituen...

"Zarela judua, zarela LGBTa, arabiarra, beltza, transa edota zarela emakumea, azkenean, gizon zis eta zuria ez bazara jomugan zara"

Israelen pinkwashing-a salatzean datza zure borroketariko bat.

Pinkwashing-a estrategia bat da, LGBT pertsonei eta beren eskubideei buruzko klixe batzuk bereganatuta bideraturikoa –beti ere Mendebaldeko ikuspegitik begiratuta–. Asmoa da, fokua horretan jarriz praktika ez-etiko eta kriminalei ez begiratzea –Israelen kasuan, kolonialismoa, gerra, genozidioa...–. Politika bat da, pertsona batzuk gogoetaturikoa eta marrazturikoa, eta sare sozialek eta komunikabide handiek parte hartzen dute horretan.

Badira Israelgo egitura eta herritar batzuk bertako homofobia, sionisten homofobia salatzen dutenak. Demagun, Jean Sternen Mirage gay à Tel Aviv (Gay irudikeria Tel-Aviven) liburua ikaragarria da zentzu horretan, estrategia hori azaltzen digu xeheki. Erran behar da Israelgo jendartea Mendebaldekoaren hedapena dela –anitz dira italiarrak, frantsesak, ingelesak, alemaniarrak...–, eta izan da LGBT eskubideen aldeko benetako mugimendu bat han ere. Baina, ondotik, marketin handia egiten hasi ziren gobernua eta Tel Aviveko Udala, noski, adierazpen eta eraso LGBTfoboak ezkutatuta.

Palestinako queer-en eskaera askatzaile bat manifestuan salatzen dituzue Israelek baliatu dikotomiak: barbaroak/zibilizatuak; humanoak/animaliak…

Argi utzi nahi dut Europako mugimendu nazi eta faxistaren jarraipena dela Israel bere horretan, mugimendu eta enpresa sionista gisa. Aldatzen duzu "judu" hitza "queer" hitzarekin eta balio dizu, ideologia eugenistan gara. Finean, gorputzari nola begiratzen dion erregimenak, hori da kontua. Ez bazara marraztu duten estandarrean sartzen, diskriminatuko zaituzte. Zentzu horretan gaur egungo queer gorputzaren eta 1940. hamarkadetako judu, rom edota LGBT gorputzen artean ez dago alde handirik.

Borrokak intersekzionala izan behar du. Zarela judua, zarela LGBTa, arabiarra, beltza, transa edota zarela emakumea, azkenean, gizon zis eta zuria ez bazara jomugan zara. Pentsa, egoerarekin ados ez den gizon zis zuria ere zaio trabagarria sistemari.

Zergatik queer orok luke Palestinaren askatasunaren aldekoa izan behar?

Historia kolonialari eta botere kolonialen garapenari begiratu behar zaie hori ulertzeko. Gorputza da botere kolonialak okupaturiko lehen territorioa. Gorputza ezinbestekoa du botere kolonialak, gizabanakoak behar dituelako bere proiektua osatzeko eta zabaltzeko. Gorputz hori etxekotu beharra dago, diziplinarekin bat egin behar du gorputz orok, manuak onartu behar ditu. Hori ulertu dute queer-ek. Palestinarrek ere bai. Palestinarrek ez dute makineria horren atzaparretan egon nahi, ez dizkiote beren gorputza eta lurrak eman nahi. Horregatik, dute bi borrokek eskuz esku aitzina egin behar. Biak ditu sistemak jomugan, palestinarra zein queer-a. Gehitu  nahi dut emakumearen gorputza dela lehen lerroan eta horregatik ere doazela elkarrekin LGBT borroka eta feminismoa.

Azken galdera begirada Palestinara bideraturik. Esperantza atxikitzen lortzen duzu?

Nire buru osasuna zaintzen saiatzen naiz, biziki-biziki gogorra delako. Zaila zait horretaz hitz egitea.

Paradoxak ditugu denok, eta ni burbuila batean naiz; keinu baikorrak sentitzen ditut bertan. Baina orokortasunean horrek zer pisu du? Ez dakit. Esperantza badudan? Mahmoud Darwich poeta palestinarrak dio: "Esperantza izeneko eritasun sendaezina dugu palestinarrok".