argia.eus
INPRIMATU
Gorputza bistan, zauria oholtzan

Uxue Gutierrez Lorenzo 2024ko irailaren 13a

Eire

NOIZ: abuztuaren 31n.

NON: Erandioko Irailaren 23a plazan.

------------------------------------------------

Larunbat iluntzea, Erandioko jaiek eta ekaitzak agurtu dute abuztua. Eire talde zumaiarraren kontzertua 22:00etan dago iragarrita. Bolo-bolo dabil taldea azken aldian. Iazko azaroan kaleratu zuten lehen EP luzea, eta aurtengo talde berri onenaren Gaztea Saria jaso zuten otsailean.

Oholtza handia da Erandiokoa, eta hasiera batean bi Eire ziren arren, hiru kide ditu orain taldeak. Hiru neska gazte agertu dira oholtzan; Eire Maia kantuan, Eire Salegi gitarrarekin eta sintetizadorearekin (eta tarteka kantuan), eta Nerea Urteaga bateria jotzen.

Patxadaz hartu dute 45 bat minutu iraun duen zuzenekoa; eta, iragarri dutenez, gaurkoa dute deskantsuaren aurreko azkenaurreko kontzertua. Artean emango dute azken kontzertua, eta ondoren sorkuntza lanetan emango dute denboralditxo bat.

Besteak beste, Nahi gabe berriro edo Bihar Nola kantu propioekin gozatu dute musikariek. Bertsio sorta kuriosoa osatu dute, argi utziz gustuko dutena egiten dutela, etiketa eta estilo sailkapenetan galdu gabe: entzun dugu Lana del Reyren Summertime-n bertsioa, EH Sukarra taldearen Aspaldiko loreak eta, bestetik, DAKITI kantu famatuaren bertsioa.

Emanaldian nabari da hiru kideen arteko konplizitatea, bereziki bi Eire-en artekoa. Diskoko kantuak, datorrenaren aurrerapen kantu bat eta zenbait bertsio tartekatu dituzte. Gozatu dute oholtzan, eta elkarren arteko begirada, besarkada eta xamurtasun keinuek josi dute zuzenekoa.

Zauriren bat bistan diskoak dioenez, pairatutako minez josi dituzte kantuak, eta nabaria da mimoz eta intimitatea askatuz ari direla. Batzuetan, agian, hain justu horregatik ematen du lotsatuta bezala ari dela kantatzen Eire Maia, nahiz eta ondo dakien Eire Salegi uneoro duela konplize eta bidelagun. Irudipena dut oraindik askatzen ari direla, azkar etorri dela dena; agian, azkarregi. Kontatu dute txiki-txikitatik ezagutzen dutela elkar biek, eta musikarekin harreman estua izan dutela beti.

Iragarri dute kontzertuaren amaiera; eta, bukatu aurretik, nola ez, Amaitu baino lehen kantu dantzagarriari tokia egin diote. Goxo agurtu dute Erandio; betiere, gorputz eta arima, zauri eta sentipenak agerian: “Seguru nago baina gero ez. Bihozkada batek dio baietz, patuaren biktima beste behin, zoria ez da halabeharrez”. Aldarrikatu dute zalantza, ezinegona, kezka; eta, batez ere, hori kantatuz kontatzearen nolabaiteko poza. Mina bistan jarri dute, beraien gorputz eta ahotsetan.