argia.eus
INPRIMATU
Gorlizko Hondartzape erretokia eraitsiko dute
  • Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak aginduta, eraikina botako dute, inguruan dunak berreskuratzeko.

Hiruka .eus 2018ko maiatzaren 31

Eraikin horren erabileraren kontzesioa amaitutzat eman du Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, 2013ko otsailaren 25eko ministro-aginduaren bidez. 1944ko azaroaren 17ko ministro-aginduak baimentzen zuen Gorlizko hondartzan piknik-gunea ipintzea, erabilera publikoko lursail eta itsaso eta lehorraren arteko jabarian.

Ministerioak agindua eman dio Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari kontzesio horren itzultze-akta egiteko eta eraikina botatzea, ahalik eta lasterren.

Proiektuaren helburua da 500 metro koadro inguruko eremu hondartsua berreskuratzea. Beraz, eraikin osoa botako dute (taberna-jantokia, sukaldea, komunak eta goiko terraza). Horregaz batera, kenduko dituzte hormigoizko zabalgunea, perimetro-paretagaz eta zimendu-betegarriagaz; eta sareetatik eraikinera doan zabalgunea.

Hasteko, inguruko harea bahetuko dute, eremua egokitu ahal izateko eta material antropikoa kentzeko. Horren helburua da barnealdean duna-formazioa sortzea. Horretarako, harea egonkortuko da, kaptoreak kokatuko dira, duna-espezieak landatuko dira eta ingurua hesituko dute, egurra eta sokagaz.

Obra-lanen hasiera data ez dute zehaztu, baina, hiru hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute, 64.305 euroko aurrekontuagaz.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.