argia.eus
INPRIMATU
Gorka Urtaranek ezetza eman dio Batera Zaindu sarearen elkarlan proposamenari
  • Gasteizko zaintza sare herritarrak bilera eskatu zion iragan astean Gasteizko udal gobernuari, baina alkateak ez du eskaera aintzat hartu. Gorka Urtaranek Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen sarera jotzea proposatu dio Baterari. “Komunitatean elkar zaintzen” jarraituko duela adierazi du sareak.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko apirilaren 01a
Gorka Urtaran Gasteizko alkatea. Argazkia: Gasteizko Udala.

Iragan ostegunean gutun bidez proposatu zion Baterak Gorka Urtaran alkateari bilera egiteko, hiru helbururekin: udalarekin eta zerbitzu sozialekin koordinazio formal bat ezarri, gabezien eta beharren argazkia osatu eta, herri eragileen eta instituzioen arteko elkarlanaz hitz egin. Ezetza jaso du sare herritarrak, eta asteazkenean Urtaranekin izandako kontaktuen informazioa eta horren aurreko irakurketa plazaratu du.

Baterak azaldu duenez, Urtaranek ostegun arratsaldean bertan erantzun zien. Ekimena begi onez ikusten zuela adierazi zien, baina Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen sarea dagoela gogorarazi eta “zerbait behar izatekotan” bertara jotzea proposatu zien. Bileraz aipamenik ere ez zien egin.

Baterak azaldu du ez duela egoki ikusten Eusko Jaurlaritzaren sarean integratzea. “Boluntariotza instituzional” horretan izena emateko prozesua geldoegia dela adierazi du, EAEko dimentsioaren aurrean Gasteiz mailakoa eta “atariz-atarikoa” eraginkorragoa dela defendatu du, eta Jaurlaritzaren perspektiba “asistentziala” dela kritikatu.

Komunitatean elkar zaindu

Berriz ere zuzendu zitzaion Batera alkateari, baina Urtaranek ez du bilerarik onartu. Zaintza sareak “tristeziaz” jaso du ezetza. Konfinamenduaren hirugarren astean gaudela udal politiketan inprobisazioa nagusi dela adierazi du, eta gasteiztar zaurgarrienak egoera latzean direla. Zentzu horretan, elikagai bankua itxita egoteak edo oinarrizko zerbitzuetara joz gero zita 15 egunetara emateak sortzen duen babesgabetasuna azpimarratu du.

Krisiak zaintza beharrak larriagotu dituela uste du Baterak, baina behar horiek aurretik ere bazirela. Eztabaidak zabalik jarraitzen du, haren irudiko: "Zaintzak gure gizartean izan behar duen garrantziaz eta betetzen duen funtzioaz”. Bien bitartean, lanean jarraituko duela iragarri du zaintza sare herritarrak: “Komunitatean elkar zaintzen jarraituko dugu. Elkar zaindu dezagun”.