Gasteizko EAJko bozeramaile Gorka Urtaran frackingaren kontra agertu da. Herritarrak kezkatzen dituen gaia dela adierazi du eta bere alderdiari jarrera argitzeko eskatu dio.
Frackingaren aurkako jarrera “argi” azaltzeko erreklamatu dio alderdi jeltzaleari komunikatu batean. Frackinga osasunaren eta ingurumenaren kontserbazioarekin “bateraezina” dela seinalatu du: “Jarrera politiko argia izan behar da, gai garrantzitsua baita”.
Espainiako Diputatuen Kongresuan Frackingaren legea debekatzeko mozioaren aurrean EAJ abstenitu egin zela ohartarazi du Urtaranek eta alderdiaren erabakiarekin desadostasuna agertu du. Gasteizko EAJren jarrera argia dela azaldu du: “Frackingaren aurkakoak gara”.
“Ez dugu nahi Gasteizerako, Arabarako edo Euskal Herrirako”, esan du bozeramaileak. Gasa lurpetik ateratzeko teknika horrek basoak, mendiak, nekazaritza sektorea, akuiferoak eta “gu denon etorkizuna” suntsituko lukeela azpimarratu du.