argia.eus
INPRIMATU
Urtaran alkatearen hitzaldia moztu du gazte talde batek Gasteizko Udalaren ekitaldi batean
  • Gasteizko Udaleko Gazte Zerbitzuaren “Erronka Gazteak. Gazteria eta Covid-19” planaren aurkezpenean hizketan ari zela, 20 gazte inguruk oihu artean oholtza hartu eta komunikatua irakurri dute, “krisia kapitalak ordain dezala” exijituz.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 09a
Irudia: Hala Bedi.

Ostegun goizean burutu dute ekintza gazteek, Gasteizko Europa Jauregiko areto batean. Urtaran oholtzatik hizketan ari zela, publiko artean zeuden 20 gazte inguru eserlekuetatik altxatu eta “borroka da bide bakarra” oihuen artean igo dira afixak eskuan, eta pankarta bat zabaldu dute. Urteranek eta udaleko arduradunek alde batera egin dute, gazteek mikrofonotik komunikatu bat irakurtzeko baliatu dutena.

Kritika eta "errespetua"

EAJren eta “elite ekonomikoen” helburua osasun krisian “dirua, dirua eta dirua” dela salatu dute gazteek, eta Urtaranen gobernuari leportatu diote ekitaldian “hitz politak” esatea baina ezer ez egitea gazteen alde. Zerbitzu publikoak indartzea eta gazteriaren aurkako kriminalizazio eteteko exijitu dute. “Argi izan, Urtaran jauna, edo Urtaran Tontolnabo –Gasteizko alkate izan zen PPko Javier Marotoren aurka zabaldu zen leloa–, edo Urtaran Karapan, krisia ez dugu gazteok ordainduko, krisia kapitalak ordain dezala”, amaitu dute, esaten, beren kabuz eta istilurik gabe aretotik irten aurretik.

Gasteizko alkateak hitza hartu du berriz jarraian. Gazteek botatako iritzi horiek “ere” entzun egin behar direla esan du, ados ez egonik ere, baina kritika egiteko “errespetua” exjitu du, “horiek inoiz izan ez dutena”. Hemen gertatutakoa, Hala Bedi-k jasota: