Errekaleor, Olarizuko etxe okupatuak, Alde Zaharrekoak... Hautu politikoz zein behar gorri hutsez okupatzen dutenen aurkako bandera harro altxatzen du Gasteizko EAJko alkate Gorka Urtaranek, PPren diskurtsoa –eta bozak– bere eginez. “Lapurrak”, “anti-sistemak”, “aprobetxategiak” eta beste. Horrelakoak ere bota zituen Alonsok 2001ean gaztetxearen aurka, hura eraisteko asmo betean.
Urtaran Gasteizko alkatetzarako hauteskundeetara aurkeztu zenean 2015ean, ordurako politikatik erretiratuta zegoen José Angel Cuerdak ezusteko agerraldia egin zuen “umetatik” ezagutzen duen Urtaranen hautagaitza babesteko. “Seme baten parekoa da niretzat”, adierazi du behin baino gehiagotan. Alonsok 1999an hauteskundeak irabazi zituen arte, Trantsizioaz geroztik Cuerda izan zen Gasteizko alkate bakarra, 20 urtez. Urte horietan bere lankide eta konplize nagusia María Jesús Agirre izan zen: Urtaranen ama. Hauteskundeak galduta politika instituzionala utzi zuen Cuerdak –ez politika, besteak beste Olarizuko bizilagunen alde aritu baita lanean–, eta udaleko EAJren buruzagitza hartu zuen Agirrek.
2001eko abenduan Cuerda “alkate-ohiak” prentsaurrekoa eman zuen Alonsok eraitsi nahi zuen gaztetxearen alde, gaztetxearen liburutegian bertan. Hilabete lehenago beste horrenbeste egin zuen toki berean María Jesús Agirrek EAJko udaleko buru bezala, Batasunako, EAko eta Ezker Batuko udaleko ordezkariekin batera. Ez da harritzekoa, jakina baita seme-alabak beti izaten direla gurasoak baino kontserbadoreagoak. Edo, alderantziz ote zen?
* Artikulu hau erreportaje zabalago baten parte da: Iratxoek Gasteiz okupatu zutenekoa gaztetxearen defentsan.