HerriBiltzako militantea den Gorka Torre konbokatu du martxoaren 26an Baionako auzitegiak UNESCOren izenean egindako margoketengatik.
HerriBiltzak jakinarazi du Gorka Torre auzipetu dutela iazko irailean euskararen aldeko ekintza batzuk UNESCOren izenean egitea leporatuta. Pasa den urteko irailaren 21 eta 27an margoketak egin zituen HerriBiltzak Izpurako (Nafarroa Behera) eta Donibane Garaziko hainbat osasun zentrotan. Euskara munduko ondare kulturala dela aldarrikatzeko egindako margoketak UNESCO-ren izenean egin zituzten.
Aginduaren arabera, atxilotu zutenean bere nortasuna, hatz markak eta DNA emateari uko egin izana ere leporatzen diote militante euskaltzaleari. Martxoaren 26an epaituko dute, Baionako auzitegian.
“UNESCO-k dio funtsezkoa dela munduko ondare kulturala babestea, eta gaur egun eraso egiten zaiola aniztasun kulturalari. Frantziako eta Espainiako estatuetako agintariek UNESCO-ren helburuen aurka egiten dute: euskarari eraso egitea diote, eta hura hiltzen ari dira”, adierazi dute.
Herribiltzak, bere aldetik, ekintzak egitearen arrazoia azaldu du. Euskara “desagertzeko bidean” dela dio. Hizkuntza batek bizirauteko lehentasunezko tratamendua behar duelako, kolektiboak azaltzen duen gisan. “Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, adibidez, bide seinaleetan eta Osasun Erakunde Publiko hauetan”. Euskararen erabilera ere apaltzen ari dela dio eta ondorioz, “dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da”.
Mobilizaziorako deia egin du auzia iraganen den egunean. Hitzordua martxoaren 26an, 13:30ean eman dute Baionako auzitegi aitzinean.