argia.eus
INPRIMATU
Gorka Palacios euskal presoa absolbitu du Espainiako Auzitegiak
  • Atristain auziko jurisprudentzia hartu du oinarri epaileak Palacios presoa absolbitzeko. Izan ere, bi atxilotuk torturapean egindako adierazpenak ziren Palaciosen kontrako froga bakarrak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia berriaren arabera, adierazpen horiek ez dira kontuan hartu behar. Fiskaltzak 216 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen Palaciosentzat.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 15

Torturapean egindako adierazpenak baztertuta, Palaciosen kontrako frogarik ez dagoela adierazi du Espainiako Auzitegiak eta beraz, errugabetzat jo du. Epaiak adierazten duenez, Atristain auziko jurisprudentziak "inkomunikatutako atxiloketa aldian defendatzeko eskubideari buruzko estandar berri bat ezartzen du" eta jurisprudentzia hori "ezinbestekoa" da oinarrizko giza eskubideak bermatzeko.

Anabel Eguesek eta Aitor Garcia Aliagak inkomunikazio egoeran egindako deklarazioak ziren Palaciosen aurkako frogak eta epaimahaiak dio Eguesek "tratu txarrak" jasan zituela eta "poliziak esandakoa" deklaratu zuela eta adierazpen horiek ez zituela ondoren polizia etxean eta epaitegian berretsi. Epaimahaiak dio Garciak "ahal bezain laster" salatu zituela torturak. Horrez gain, ez Eguesek eta ez Garciak ez zuten atxiloketaren lehen faseetatik konfiantzazko abokatua izendatzeko aukerarik izan, eta beraz, deklarazio horiek ezin dira kontuan hartu, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren dekretuaren arabera.