argia.eus
INPRIMATU
Torraren inhabilitazioaren aurkako protesten kronika
Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia gaitzetsi eta askatasuna aldarrikatzera
  • Istiluak, kexak eta aldarriak eragin ditu Quim Torra presidentea kargutik kendu izanak; halakorik gertatzen den lehen aldia da. Urte eta erdiko inhabilitazioa izango du presidente ohiak, preso sozial eta politikoen pankartak Generalitatetik ez kentzeagatik.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko irailaren 29a
Quim Torra Generalitatearen egoitzatik irteten, berak txiokatutako argazkia.

Atzera kontaketa besterik ez zen. Espero zitekeen, nolabait esanda. Kataluniako Auzitegi Nagusiak duela hamar hilabete esandakoa berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak, aho batez: bost epaileek ebatzi dute Quim Torrak Espainiako Hauteskunde Batzordeari entzungor egin ziola, modu “sendoan” gainera, preso sozial eta politikoen pankartak kentzeko agindua jaso zuenean. Epaia jakin eta ordu gutxira jarri da indarrean urte eta erdiko inhabilitazioa. Lehen nahiko kolokan bazegoen gobernua, are egoera okerragoan utzi du orain epaiak, legealdia amaitutzat ematera behartuta. Azken orduetan hauteskundeen data badirudi finkatu dela: otsailaren 7a.

SePC-eko (Sindicat d’Estudiantes dels Països Catalans) kide batek adierazi zidan goizean, epaia artean jakin gabe zela, Torra bere iritziz ez dela “kataluniar independentista guztien ordezkaria”, eta zalantzak zituela zer nolako erantzuna izango zukeen inhabilitazioaren epaiak. Aurreko urteetan jazotakoarekin alderatzen zuen. Dena den, argi zioen sindikatuak babesa adieraziko zuela egiten zena egiten zela. Bada, pare bat ordu besterik ez ziren pasa Auzitegi Gorenaren hitza jakin zenerako, eta zabalpen handia izan zuen berriak komunikabide zein sare sozialetan.

Arratsalde-iluntze parterako mobilizazio deiak zabaldu ziren, eta horrek ere eman zuen zeresana: Mireia Boya CUPeko zinegotzi ohiak –eraso matxistengatik alderdia utzi zuen– alderdi politikoek hartutako jarreraren aurka azaldu zen, “alderdiek haietan bakarrik pentsatzen dutela” esanaz, eta gonbita luzatu zuen CDRen Bartzelonako deialdira azaltzeko. CDRek aspaldidanik zuten adierazia epaia irteten zen egunean mobilizatzea.

18:30 aldera hartu du hitza azkenekoz Quim Torrak, epaia indarrean jarri eta gutxira. Bi urte iraun ditu karguan eta “denetarik” bizi behar izan duela adierazi du –Berria egunkariak igandean zekarren elkarrizketan zioen unerik makurrena diputatu akta kentzea izan zela–. Dena den, adierazpenean gobernuaren babesa zuela, orain arte izandako jarrerarekin jarraitu zuen, Espainiako Estatuaren jarduna “bidegabetzat” joz. “Errepresioak ez du mugarik, baina autonomiak bai”, adierazi zuen.

Esquadra Mossoak mobilizazio eta istiluetarako prestatuta zeudela jakin zen komunikabide katalanen bitartez. Ordutegiak eta txandak bertan behera utzi zituzten, “erantzuteko gaitasuna bermatzeko”. Eta horren erakusle, sekulako polizia presentzia izan zen, egun osoan. Bazkalordurako, epaia jakin eta berehala, Espainiako Poliziaren dozena erdi furgoneta euren egoitza nagusiaren kanpoaldean zegoen, normalean egon ohi den bakarraren lekuan. Hiriaren erdigunean ere nonahi ikus zitezkeen Mossoen zein hiriko poliziaren patruilak, beste egunetan baino nagusiki gehiago.

CDRek 19:30ean deitu zuten elkarretaratzea Bartzelonan, Gracia auzoaren sarreran, ondoren, aldarriz betetako manifestazioa burutzeko erdigunerantz joanda. Aldi berean udaletxearen aurrean ANCk eta Omniumek deitutako beste ekintza bat zegoela aintzat hartuta, jendetza bildu zen CDRekin; La Directaren arabera, bi mila lagun inguru. Gazteak eta ez hain gazteak. Ezertan hasi aurretik, baina, eman ziren lehen identifikazio eta atxiloketak. Elkarretaratzearen ondoren, Passeig de Gracian barrena, helmuga zehatz baina plangintza eta antolakuntza ez horren zehatzarekin, Espainiako Gobernuak Bartzelonan duen delegaziora iristea izan zen helburua. Mossoek, baina, alderik alde itxi zuten eremua, eta hainbat parte-hartzailek plastikozko txerri buruak bota zizkieten.

Parlamentura joateko ideia zabaldu zen orduan; ordurako, ahoz aho zabaldua zen Via Laietana manifestariek hartu zutenaren berria. Umorea eta animoa ez zen falta artean. Bidean hasi ziren iraultzen lehen edukiontzak; poliziak ez zuen esku-hartu, atzetik, aurretik eta albotik zihoazen arren. Hesiz inguratutako parke batean dago Kataluniako Parlamentua eta, noski, katez itxita zegoen manifestariak heltzerako –Mossoek, bestela ere, parlamentuaren eraikina blindatua izan zuten egun osoan zehar–. Kateak haustea lortu zuten denbora baten ondoren, eta arratsaldea aurrera zihoala jendea batzen zein aldentzen joan zen arren, manifestarien portzentai txiki bat baino ez zen sartu barrura; gehiengoa kanpoaldean geratu zen, zain, batez ere irtenbide handirik ez zeukalako eremu hark. Parlamentura sartzeko ideiarekin sartu baziren ere parkera, beste urteren batean saiatu ziren bezala, honako honetan ere ezerezean geratu zen saiakera. Barrikadak eta poliziarekin istiluak etorri ziren jarraian, bertatik alde egitea erabaki arte.

Manifestarien gehiego bat alde egina zen, 22:00ak baitziren ordurako. “Urquinaona, berriz ere egingo dugu” oihuak gero eta entzunagoak izan ziren, iazko istiluak gogoratuz. Horretara bidean, egoera are gehiago asaldatu zen: errepideak edukiontziz eta hondakinez beteta, poliziaren furgonetak espaloira igo eta artean taberna eta hainbat komertzio irekita zeudela, manifestarien bila ziztu bizian joan ziren. Datuen zain, baina identifikatuak, kolpatuak edota atxilotuak dezente izan zitezkeen egunaren azken txanpa horretan.