argia.eus
INPRIMATU
Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako 28 urteko kartzela-zigorra berretsi egin du Gorenak
  • Sexu izaerako hainbat eraso egitea egozten diote argazkilariari: abusua, bortxaketa, haur pornografia eta modeloei iruzur egitea. "Soilik baietz da baietz" legea aplikatzeko eskatu du akusatuaren defentsak, baina atzera bota dute.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 03a
Biktimen aldeko elkarretaratzea, epaiketaren aurretik, 2022ko martxoan. (Argazkia: Arantxa Iraola)

Auzitegi Gorenak berretsi egin du Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako 28 urteko kartzela-zigorra. Sexu izaerako hainbat deliturengatik dago zigortuta: sexu abusu bat, bortxaketa bat, haur pornografiari lotutako sei eta modeloei iruzur egiteagatik beste bi delitu leporatu dizkiote.

2022ko ekainean Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 28 urte eta 2 hilabeteko kartzela-zigorra jarri zizkion donostiarrari. Hala ere, Zigor Kodean onartutako gehienezko 20 urteak gainditzen dituenez sententziak, hortik gorako urteak ez ditu bete beharko, eta kontuan hartuko dira kartzelan daramatzan bost urteak. 2013an jarri zituzten Cabezudoren aurkako lehen salaketak, eta 2018ko maiatzetik behin-behineko espetxealdian dago.

Hamazazpi emakumeren salaketak hartu zituzten kontuan, eta biktima bakoitzari 116.000 euroko kalte ordaina ematera behartu zuten. Akusatuta zegoen beste 217 delitugatik absolbitu egin zuten.

Donostiarrak modeloei argazkiak egiten zizkien, askotan adin txikikoei. Ikerketan, Cabezudoren ordenagailuan adin txikiko neska biluzien argazkiak aurkitu zituzten. Horrez gain, biktima batzuk Cabezudok ukituak egin zizkiela salatu zuten. Hainbatek deklaratu zuten adin txikikoak zirenean jarrera pornografikoetan posatzeko agintzen ziela argazkilariak.

Pornografiari lotutako auzian, Cabezudok justifikatu du argazkiak ez direla "haur pornografia" eta modeloen baimenarekin atera zituela. Bere hitzetan, "izaera artistikoa" dute argazkiek, eta ez dute "helburu sexualik". Gorenak, ordea, ukatu egin du Cabezudoren argudiaketa.

"Soilik baietz da baietz" legea

Argazkilariaren defentsak Gipuzkoako Auzitegiaren epaiaren aurka helegitea jartzeaz gain, "soilik baietz da baietz" legea aplikatzea eskatu zuen, delitu-zigorrak jaisteko helburuarekin. Gorenak adierazi du Gipuzkoako Auzitegiaren epaia ez dela behin-betikoa, eta, hortaz, araudi berria ezin dela aplikatu. Hala ere, magistratuek azpimarratu dute araudi berria aplikatuko balitz ere ez lukeela kartzela-zigorra aldatuko, 25 urtera jaitsiko lukeelako eta gehienezko 20 urteak gainditzen dituelako sententziak.