argia.eus
INPRIMATU
Sanchez Gordillok iragarri du Andaluzian lur gehiago okupatuko dituztela
  • Juan Manuel Sánchez Gordillo IUko parlamentari eta Marinaledako (Espainiar estatua) alkateak ez du deklaratu Andaluziako Justizia Auzitegi Gorena ikertzen ari den kausan. 2012ko udaran 18 egunez Las Turquillas finka militarra okupatu izana leporatzen dio Auzitegiak. Andaluziako Langileen Sindikatuak (SAT) finka maiatzaren 1ean berriz okupatuko duela iragarri du Gordillok.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 30
Gordillo.

Bere hitzetan, kausan ez du deklaratu “beharrik ez dagoelako, okupazioa sinbolikoa eta baketsua izan zelako”. Indarkeriarik gabeko desobedientzia aktiboa erabili zutela defendatu du. Astelehen honetan zegoen deklaratzera deitua, eta bigarren deialdia zen dagoeneko. Aurreko deialdian, apirilaren 4a, atzerapena eskatu zuen deklaraziorako dokumentazio nahikoa ez zuelako.

Kasu honetan deklaratzera deitu duten lehena izan da Marinaledako alkatea, baina beste 50 inputatu daude gutxienez. Lekuko bezala deklaratzeko bi guardia zibil deitu dituzte, baina bakarra agertu da, bestea ezin izan dutelako lokalizatu.

Gordillo SATeko bozeramaile Diego Cañamerok eta beste hainbat langilek lagunduta iritsi da Auzitegira. Azken honek dioenez, sindikatuak lurraren erabilera soziala aldarrikatzen du, ez jabetzarena. Izan ere, finka horrek dituen 1200 hektareetatik 20 bakarrik daude erabiliak.

Bestalde, maiatzaren 1ean egingo den bigarren okupazioa “iraunkorra” izango dela adierazi du.