Epaitegiak artxibatu egin du pintaketak egiteagatik Ermuako gazte baten kasua. “Terrorismoa goratzea” egotzi zioten.
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du ‘Gora ETA’ kalean margotzeagatik “terrorismoa goratzeaz” akusatutako gazte bat. Uztailaren 19an atxilotu zuten Ermuan, eta kasua Auzitegi Nazionalaren esku ipini zuten. Epaitegiak kasua artxibatu du, eta adierazi du adierazpen askatasuna lehenetsi behar dela eta pintaketa horretan ez dela terrorismoa goraipatzen.
Gaztea jabetza publikoari kalteak eragiteagatik akusatua izan daitekeen zehazteko, Auzitegi Nazionalak kasua tokiko auzitegira igorri du. Maria Tardon epaileak adierazi du “gatazka” bat dagoela horrelako kasuetan “terrorismoa goratu izanaren delituaren eta adierazpen askatasunaren artean”. Hala ere, azpimarratu du adierazpen askatasuna “gizarte demokratikoaren ezaugarririk behinenetako bat” denez, horrek gailendu behar duela zalantza sortzen bada.