Espainiako Estatuan Alberto Ruiz Gallardon ministroak abiatutako abortatzeko eskubidearen erreformak Frantziako Estatuko ultraeskuina hauspotu du eta kalera atera da eskubidea Frantzian ere murriztu dezaten eskatzeko.
“Gora Espainia” aditu zitekeen atzo Parisko kaleetan abortu eskubidearen kontrako taldeek deitutako manifestazioan. Izan ere, “eredugarria” iruditzen zaie PPren Gobernuak emakumeei erabakitzeko eskubidea murrizteko hartutako ekimena.
16.000 pertsona inguru bildu ziren “Elkarrekin bizitzaren alde” zioen pankartaren atzean; antolatzaileen arabera 40.000 ziren. Aurretik, 80.000 lagun bilduko zirela aurreikusi zuten, lortutakoaren bikoitza, alegia.
Frantziako Asanblada Nazionalak gaur eztabaidatuko du gizonen eta emakumeen aukera berdintasunaren aldeko lege bat, sexu eta ugalketa eskubideak errespetatuz. Protestan zeudenek lege egitasmoaren kontra egin zuten.
Kontramanifestazioa, ugalketa eta sexu eskubideen alde
Abortatzeko eskubidearen aldekoek “kontramanifestazioa” egin zuten, beste protesta egiten zen ordu berean. Besteak beste, “gure gorputza, gure eskubidea” eta “erabakiko dugu” leloak irakur zitezkeen. Thomas Samson argazkilariak hartu zituen irudiak: