argia.eus
INPRIMATU
Gora borroka feminista eta antiarrazista!
  • Niretzat, migratu eta arrazismoaren kontrako feminista gisa, aurtengo M8 oso berezia eta garrantzitsua izan da.

Tania Siriany 2019ko martxoaren 11
Argazkia: Hala Bedi

Gasteizko Mugimendu Feministan ekintza antiarrazista gauzatu dugu: emakume migratu eta arrazializatuek hitza hartu dute, sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazistak egunerokoan haiengan eragiten dituen zapalkuntzez mintzatu dira, haien esperientzietatik eta tradizioetatik abiatuta jantzi eta solastatu dira, bloke antiarrazistan joan gara manifestaziora gure bertoko lagun feminista eta antiarrazistekin batera, eta elkarrekin ahots batez esan dugu: “Feminismoa antiarrazista izango da edo ez da izango!", “Gora borroka feminista eta gora borroka antiarrazista!”, “Migratuak eta aliatuak, barrikadetara!".

Emakume migratu eta arrazializatu ugarik lehendabiziko aldiz parte hartu dute M8an eta oso ondo sentitu direla adierazi digute, borroka feminista antiarrazista honetan jarraitu nahi dute! Zoragarria da, izan ere, ostiralekoa landutako aliantzen ondorioa da. Feminismo bakarraren hegemoniatik eta pribilegiotik kanpo sortutako aliantza da; zapalkuntzak modu aktiboan entzutetik eta ulertzetik abiatu gara, gainerako emakumeen borroka ereduak begirada dekolonial batetik aztertuta.

Mundu osoko feministok ulertu behar dugu, Angela Davisek dioen moduan, ez dagoela feminismo bakarra baizik eta asko; baina feminismo eraginkorra arraza, klase eta genero zapalkuntzen kontra borrokatu behar da, eta horrez gain, antikapitalista eta antikoloniala izan behar du. Hemendik aurrera ez dira bi M8 berdin egongo, gero eta emakume gehiago baikaude bazterretan eta iraultza horren parte garela sentitzen ari gara.

Tania Siriany (AMAR Feminista Antirrazistak)