argia.eus
INPRIMATU
Gorabeherak tarteko, abian da ikasturtea Seaskan
  • Beskoitzen ikastola berria eraikitzen ari dira eta Kanboko Xalbador lizeoa berrituta aurkitu dute ikasleek. Eraikin berria egiteko baimenarekin arazoak dituzte ordea, eta ekonomikoki ere larri dabiltza.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko irailaren 04a
Kanboko Xalbador lizeoa berrituta aurkitu dute aurtengo 295 ikasleekKanboko Xalbador lizeoa berrituta aurkitu dute aurtengo 295 ikasleek (Argazkia: Gaizka Iroz. Kazeta.info). Gaizka Iroz. Kazeta.info

3.100 ikaslerekin jarri da martxan Ikastolen Federazioa 2013-2014 ikasturtean, arazoak gora behera. Kazeta.info-k eman du ikasturteko berrikuntzen, arazoen eta pozen berri. Beskoitzeko, Kanboko, Biarrizko eta Hendaiako eraikinez aritu da Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria.

Ikastolen Federazioak badu pozteko arrazoirik. Beskoitzen ikastola berria eraiki dute eta Kanboko Xalbador lizeoa berrituta sartu dira aurtengo 295 ikasleak. Txanponaren beste aldeak, ordea, aurpegi desberdina erakusten du. Beskoitzeko eraikina egiteko baimenak berandu ailegatu zirenez, ikasturtea hasi duten hiru ikasleek lokal pribatu bat izango dute hasiera batean ikasgela. Azarorako baimena eskuetan izatea espero dutela azaldu du Gorostiagak, eta hortik aurrera haurrak eraikin berrira sartzea. Xalbador lizeoan, bestalde, eraikina berritzearen lanak oraindik ez daude ordainduta. Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko diru-laguntza emango zuela agindu zuen, baina Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok laguntza horren aurkako helegitea jarri zuen eta ez dago garbi azkenean bultzada ekonomikoa jasoko duten. Horrela azaldu dute kazeta.infon.

Seaskak indarrak Biarrizko lizeoan jarri dituela esan du zuzendariak. Baionako Bernart Etxepare lizeoan tokirik gabe geratzen ari direla eta lizeo berria eraikitzea beharrezkoa dela azpimarratu du. Aurtengo ikasturterako 202 ikasle izango dituzte; lehengo urtean baino 40 gehiago. “2015erako egina behar du”, dio Gorostiagak.

Hendaiako ikastola

Bitartean, ordea, Hendaian egoerak konpondu gabe jarraitzen du. Ikastola berria eraikitzeko egitasmoa abiatzekotan zirenean suprefetak gutun bat bidali zien Falloux legea indarrean zela gogoraraziz. Hau da, diru publikoarekin ezin dela eskola pribatu baten lokala finantzatu.

Zenbait ekimen egin dituzte eraikin berria egin ahal izateko. Uztailean Baionako Alderdi Sozialistaren egoitza okupatu zuten ikastolako federazioko zenbait kidek eta Parisen izanak dira Asanblada Nazionalean konponbiderako lege berri bat eskatzen.

Seaskak jakinarazi du erantzunaren zain daudela.