argia.eus
INPRIMATU
Gora, bada, duguna eta eduki nahi
  • “Makina bat taupada martxan dabil eskola publikoan, makina bat bihotz, makina bat egitasmo. Gora euskal eskola publikoa! Bai noski! Gora, bada, euskal eskola publikoa, duguna eta, batez ere, eduki nahi duguna!”. Horrela hasi genuen aurreko ikasturtean plazaratu genuen iritzi artikuluetako bat.

Steilas sindikatua @STEILAS_ 2019ko irailaren 24a

2019-2020 ikasturtea hasi berri dugun honetan, inoiz baino indar gehiagorekin eusten diogu gizartean gero eta oihartzun zabalagoa duen aldarrikapen honi. Makina bat taupadek egunez egun eraikitzen dituzte gure auzo eta herrietako eskolak, norberak bere esparrutik: hezkuntzako langileak,  familiak, ikasleak... talde gero eta indartsuagoak ditugu eta eskola publikoak bere izaera publiko eta unibertsala egunez egun erakusten du. "Gora, bada, duguna eta eduki nahi duguna" idatzi genuen, lan asko baitugu hezkuntza komunitatea osatzen dugun kideok: parte hartzea indartu behar dugu, eskola askotako ateak komunitateari gehiago ireki behar dizkiogu, erabakitze organoak parte hartzaileago egin behar ditugu eta, joera merkantilistetan erori gabe, zer egin asko dugu alor pedagogikoan. Guztiona da ardura.

Baina, zoritxarrez, EAEko eta Nafarroako Gobernua osatu duten eta osatzen duten alderdiak ezin ditugu aipatu herri apustu izan beharko litzatekeen aldarrikapen horiek bultzatzen dituztenen artean. Nafarroako aldaketaren gobernuak ez zituen hezkuntza publikoko langileekin eta eskolekin hartutako konpromiso asko bete: ehunka ordezko irakasle uda kobratu gabe gelditu dira, eta gainera, itunaren beste atal batzuk ez dira garatu. Horregatik, berehala hasiko gara mobilizazioekin. EAEn 2018ko maiatzean sinatutako akordioak ere kolokan daude, eta beraz, epe motzean mobilizazioak berreskuratzeko aukera gero eta handiagoa da.

Gobernu biek LOMCEk jasotako “eskari soziala” eta “familiek ikastetxea aukeratzeko eskubidea” hezkuntza politiken ardatz izaten jarraitzen dute, hezkuntza paradigma kapitalistaren oinarria, alegia

Gobernu biek LOMCEk jasotako “eskari soziala” eta “familiek ikastetxea aukeratzeko eskubidea” hezkuntza politiken ardatz izaten jarraitzen dute, hezkuntza paradigma kapitalistaren oinarria, alegia. Pribatizazioaren eta desarautzearen eufemismoa.  LOMCEk dioenaren arabera “ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen uneko eskaintza eta familien eskaria kontutan izan behar dute administrazioek, eta behar adina plaza eskaintzen direla bermatu beharko dute, orobat”. Hau da, hezkuntza sistema bat pribatizatzeko bitarteko nagusienetarikoa eta ikastetxe baztertzaileek erabiltzen duten baliabide ukaezin bat. Horretarako, beste tresna asko ere badaude: 0-2 adin tarteko haurreskola pribatuen finantzaketa unibertsala, hortik eratorritako matrikulazio iruzurra, legez kanpoko kuoten aurrean administrazioak beste aldera begiratzea, Lanbide Heziketa enpresarien eskutan uztea... Unibertsitateak aparteko lekua beharko luke.   EHUk bizi duen utzikeria, unibertsitate pribatuak bizi duen hazkundearen parekoa da. Nafarroan unibertsitate pribatuaren gainfinantzaketa eta euskararen bazterketa dira hezkuntza  politiken ardatz. Edonola ere, LOMCEren aurretik   sare pribatua  lehenesteko klientelismo politikak ohikoak izan dira itunpeko ikastetxe, unibertsitate eta Hezkuntza Sailen artean.  

Horren guztiaren ondorioak aski ezagunak dira, besteak beste, segregazioa eta bazterketa soziala. Nafar gobernuaren eta EAEko gobernuaren pribatizazio politiken beste ondorio nabarmen bat hezkuntzako langileen prekarizazioa da. Hori  dela eta, une honetan ez da nahikoa eskola publikoak sistemaren ardatz izan behar duela esatea, euskal hezkuntza-sistema osorako eskola bakarra aldarrikatu behar dugu, herri bezala publikoaren eta gure haur eta gazte guztientzako eskubide kolektiboen eta aukera-berdintasunaren alde eginez. Ekimen pribatuak ezin du seme-alabentzat euskara nahi ez dutenentzat ihesbide izan, desberdinarekin nahastu nahi ez dutenentzat babesleku edo  hezkuntza erlijiosoa seme-alabei nahitaez inposatu nahi dutenentzat gotorleku. Administrazio publikoa ezin da izan jarrera horien konplize.

Mailakatze soziala betikotzen duten neurri hauek guztiak Hezkuntza Lege berriaren bidez zehaztu eta ziurtatu ostean, segregazioa konpontzeko itxurakerietan jarraituko dute

EAEn Hezkuntza Legea ere ate joka dugu, itxuraz, LOMCEren aterkipean egingo den legea eta ikastetxe  pribatuen flotagailu izango dena. Konpondu beharreko arazoak asko diren arren, oraindik ez dakigu zein helbururekin egingo den legea. Badirudi “Euskal Hezkuntza Zerbitzua” eraiki nahi izango duela EAJak, eskola publikoa eta pribatua barnebilduko dituen asmakizun neoliberala, sare pribatua betikotuko duena. Ikastetxeen autonomia handitzearen argudioarekin sistemaren desarautzea bilatuko dute lehiakortasuna handitzeko: ingelesa indartuz euskararen kaltetan edo sare pribatuaren baldintzagabeko finantzaketa areagotuz, adibidez. Baldintzagabeko diogu, Cristina Uriartek garbi adierazi zuelako, berriro ere: eskaria izanez gero, ikastetxe pribatuak ituntzen jarraituko du EAJk.

Mailakatze soziala betikotzen duten neurri hauek guztiak Hezkuntza Lege berriaren bidez zehaztu eta ziurtatu ostean, segregazioa konpontzeko itxurakerietan jarraituko dute. Datorkigun LOMCIBERRIaren helburua “eskaera soziala”ri erantzun eta sistemaren desarautzea izan beharrean, hezkuntza eskubidea bermatu eta segregazioa konpontzea balitz, neurriak eta legea bestelakoak lirateke.

Itxurakeria da gure administrazioaren estrategia, hura esan eta auskalo zer egin. Berdintasuna eta inklusioaren aldeko hitz potoloak bota bai, baina gure ikastetxeetan desberdinen arteko eskubideen berdintasuna bermatzerakoan borondate eza agerikoa da. Gure hezkuntzak  izan beharko lukeen kohesio tresna izan dadin ekintzak behar dira, joan den urtean SKOLAEren inguruan gertatutakoari erreparatzea besterik ez dago. Horregatik guztiagatik , denona  eta denontzat den euskal eskola publiko baten alde borrokan jarraituko dugu pedagogia feministaren bidetik.

Sinatzaileak:
Nagore Iturrioz López
Ana Pérez Pérez
Aitor Idigoras Lasaga
Raúl López Ekai