argia.eus
INPRIMATU
Gora Allande gudaria!
  • Nihau bürüari izigarriko desafio bat ezarri diot: Allande Sokarros, ekialdeko Etxebartar seme eta Iparreko anaiaren bizia, horrialde bakar batean llabürbiltzea... Desafio izigarria Allanderen bizia ez beita izan lasaiezko ibai lüze bat. Bena halerik ere nolabait kausitü düt.

BeƱat Espil 2021eko abenduaren 14a

Oh! badakit, jadanik entzüten zütüet murmuzikaz erranez : «hori aipatü behar hüan! Hau ez dük ez, eztxit hola igaran ! Hau ahatze dük! Eta holako beste....Eta funtsean arrazu zünükee. Bena horrialde hau harri txintxola bat baizik ez da, harrixka ttipiñiñi bat. Ausart neitea erraitera errauts bat ? Bai, zeren Allande ororen gainetik arraileriant handi bat beitzen, txirtoa maite züan eta bere arrapru gogokoena:«Herriak bizi behar

du» balinbazen ere, «Irriak bizi behar du» ezpainetan erria emaiten zeion. Arren horrialde hau harri txintxola bat da eta mendi gora baten egiteko, honenbeste harri txintxola behar lizateke eta harri txintxola hoik züek dütüzüe. Allande ezagütü düzüen güziek. Harri txintxola zonbait besteak beno handiago lirate hain segür, bena algarreki ezar bagintza egiazkiz tini gorako bortü bat sortüko günüke. Allanderen heinekoa, odei goienak hunkitzen düan bat.

Horra nola Allanderen herexek igaran mentealat eramaiten gütüen. Aro haietan  Xiberoan abertzaletarzüna loratzen ari zen Euskal Herriko gertakari hanitxen bidez eta Euskal Kultur Aste eta Herri Taldeen bidez. Allande, argazkilari bat zen bena ez zen orano abertzale. Han, heben kurritzen zen Euskal Herriko gertakariek eramaiten züen bezala, frantses aldizkari zonbaitentzat. Hola nola Xiberoko sindikataren bilküra batetan ikusten ahal zen eta biharramünean ber gaüza Donostira edo Bilbora zoan manif baten argazkien hartzera.

Aro haietan Xiberoan, bi aldizkariek herexa barna bat ützi düe. Batak, zaharrenak Egia züan izena, ondotik beste talde bateki bena beti ber espiritüan, Abil bilakatüko zena. Allande ordüan bere argazki sortareki aldizkari talde hortara hüilantü zen, kide zonbaiteki harremanak barnatü eta idazten ere hasi zen. Aski zale bere espiritü kokillotak lüma zorrotzari esker bere ildoa ütziren züan kazetaritza abio hontan.

Apürka-apürka abertzaletü zen gure lagüna. Osoki abertzaletü, egintza püblikoetan, nahiz itzalpekoetan parte hartüz. Oritzen niz nola harriarazi güntüan, bide trabatze gaü batez, bere mobiletareki agertü zeigülarik kasabetaren petik molotov koktel xaküta bat elkiz, erri karkazaz gure begitarteak ikusiz eta gainera erranez: «Bideak lerrakor dütük, abantxü zankazgora joan nük!».

Hola beit zen gure lagüna, denaren emaile, erdi biderik gabe. Ordüan nola ez züan Iparretarrak eraküntearen bidea kürütxatüko ? Kürütxatü beraz, berak zion Txomin eta Ramuntxoren hiltzeek builtarazi züela herriaren alde ürrats bat habororen egitea. Arren, segürantxa neurriak zorroztü eta adar politikoan bere leküa hartü züan. Leküko hanitx balizate erraiteko Allanderen heltzeak zer nolako ekarpena izan den

erakundearentzat. Leküko hanitx balizate erraiteko erakundeari nolako ele argia emendeion, bai egintza agerkietan, bai Ildo izeneko libürüxkan, bai norabideetan...Hola nola Autonomia aitzin xedean eta ondotik Autonomia xedearen lantzeko. Euskaraz prefosta bena bai erderaz ere; beste hizkuntzetan izigarriko trebezia züalakoz. Gainera sasiko lanetarik harat, publikoko Ekaitza astekarian idazten züan eta züzendarigoa hartü züan. Egunkaria-ko berriketaria ere izan zen eta ondotik Berria-n iritzi artikülüak idazten zütüan.

Borrokak dio errepresioa eta Allandek ere egartü behar üken dü. Auziak, txakürren presioa, espetxea. «Espetxea aipatzean, to, Allande, lagün batek ohartarazi deit egünko egüna, Paueko presontegiko ihesaldia igaran den ber egüna dela. Ohartzen hiza nolako askatarzün egüna den?...»

Bena Allande güdülari bat zen eta beti bürüa txüt bühürtü da eta etsai bakar bat ere ez da izan haren plegarazteko, belaikarazteko. Belaiko ez, presontegitik landa, ürratsez ürrats Bortükariak taldea berriz jüntatü züan eta Iparraldeko, Biarnoko, Nafarroako ta Aragoiko bortüak zeharkatü dütü. Ebilaldiak antolatü eta izadiaz eta ondareaz züan jakitate handia partekatü.

Iparretarrak erakundea gelditü delarik, Allande ez da karbe batean sartü. Jarraiki dü borroka. Bere herrian haütetsi gisa eta Herri Alkargoan kide bezala eta hizkuntza taldean bere jakitatea ekarriz. Gainera ützülpengintzan, erakaslegoan AEK Gaü eskolareki, lan izigarria egin dü. Euskarari hainbeste etxekia beitzen Sü Azian eginbehar hanitx beregain hartü zütüan. Aita Junes Kasenavereki euskararen lantzeko ikasgeiak hontü zütüan, hiztegi bat ere argialatü züan. Xiberoko Botza-n honenbeste emankizünetan parte hartü ere bai. Euskaltzaindian ürgazle bilkatü zen.

Norbait balinbada Xalbadorren koblak egiaztatü dütüanak: «Herria da korpitza / Hizkuntza bihotza» Allande izan da.

Agur eta ohore lagüna!

Ikusi düt nigar bat ixurten

Begiari galtegin deiot:

«Zergatik nigar egiten düzü?

Amodio baten gatik da?

Adixkide baten gatik da?

Etxekia izan ez den hitzarmen baten gatik da?»

Begiak erantzün deit :

 Bihotzean dutan pena

Allande zuk, eman didatazu...»

Gora Herria ! Gora Allande gudaria!