Gookapi.eus euskal ekoizpeneko marrazki bizidunen 1.000 minutu baino gehiago daude eskuragarri. 10 urtetik beherako haurrei zuzenduta dagoen euskarazko lehen plataforma interaktiboa da.
Plataforma interaktiboa eta doakoa da, haurrei zuzendua. Jatorrizko bertsioa euskaraz dago eta nahi izanez gero aldatu daiteke gaztelaniara. Eskainitako edukiek iraunkortasunarekin, ingurumenarekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datozen gaiak jorratzen dituzte.
Hainbat animaziozko telesail interaktibo gozatu daitezke plataforman: hala nola Mithy esploratzailea, Pintxo klima aldaketaren aurka, Lizen sormen tailerra edota Iratxoen kantu sekretuak. Istorioetan aurrera egiteko hainbat bide daude, eta eduki batzuk 360 graduko ikuspegia dute, kapituluen edukia edozein angelutik jarraitzeko.
Webgunearen bitartez erabilgarri dago plataforma, eta gailu mugikorretan, Google Play eta App Store-n deskargatu daiteke aplikazioa.
Mezularik argitaratutako Iratxoak eta basoko sorginkeria ipuina aurkeztu dute. Ipuinean, testuez eta marrazkiez gain, abestiak, bideoklipak eta errealitate areagotua aktibatu daitezke mugikor edo tabletean.