argia.eus
INPRIMATU
Googlek politika publikoetan eragiteko milioiak gastatu ditu ikerketa baten arabera
  • Campaign for Accountability enpresak egin duen txosten baten arabera, politika publikoei buruzko 329 ikerketa finantzatu ditu Google konpainiak 2005 eta 2017 artean. Egileek 4.300 eta 350.000 euro artean jaso zuten eta %26k ez zuen finantziazio iturria aitortu.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 18a
Eric Schmidt Google enpresako lehendakaria

“Tabako eta petrolio enpresa handienen jokabide bera du Googlek” Daniel Stevensen arabera. Stevens, CfAko lehendakaria arabera. Harentzat ondorioa argia da: “Googlek bere botere eta aberastasun izugarriak erabiltzen ditu legegileengan eragiteko, maila guztietan”.

Txostenak erakusten du Googlek bere interes komertzialak babesten dituen artikulu akademikoak finantzatu dituela AEBetan eta Europan. Iritzi publikoan eta botere legegileen aurrean bere interesak babesteko helburuarekin egin du, eta hainbat erregulaziori aurre egiteko, monopolioaren kontrako edo pirateriaren kontrako auzietan, adibidez.

Artikulu horien egileak nazioartean prestigio handiena duten unibertsitateetako akademiko eta ekonomistak dira: Oxford, Edinburgo, Stanford, Harvard, MIT edo Berlin School of Economics, besteak beste.

Kasuen erdian, Googlek zuzenean finantzatu ditu, baina besteetan, haren menpe dauden talde edo instituzioen bitartez egin dute. “Lan ustez independente horien atzean Google dagoela jakin behar dute irakurleek”, esan du Stevensek eta ikerlariei iturria onartzeko eskatu die.