AEBetako Kaliforniako epaitegi batek Googleren aurkako salaketa kolektibo bat onartu du, Google Chrome nabigatzailearen erabiltzaileen datuak atzemateagatik, besteak beste.
Ekainean aurkeztutako akusazioaren arabera, Googlek pribatutasun arauak urratu ditu, erabiltzaileen "komunikazioak atzeman, arakatu eta biltzeagatik". Horretarako Googlek hainbat tresna erabili izana leporatu diote, Google Analytics eta mugikorrerako aplikazioak, kasu. Google Chromeren "Nabigazio pribatua" aukera erabili dutenak ere ez dira Goggleren jarraipenetik salbu. Nabigazioa ezezaguna izateko aukera erabiltzailearen pribatutasuna eta segurtasuna babesteko funtzioa da, era horretan nabigatzaileek ez baitute gordetzen bisitatu dugun webguneari buruzko informaziorik. Edo, hobe esanda, hori dio teoriak. Googleren abokatuaren arabera, bere politikek "argi eta garbi diote nabigazio jarduerari buruzko informazioa biltzeko gai izan daitezkeela", modu horretan ere bai.
"Googlek ezin du ordenagailua edo telefonoa darabilten herritarren datuak ezkutuan eta baimenik gabe biltzen jarraitu", salatu du akusazioa. Horrelako jarraipenen bidez, "Googlek badaki zein diren zure lagunak, zure zaletasunak, zer gustatzen zaizun jatea, zein film ikusten dituzun, non eta noiz gustatzen zaizun erosketak egitera joatea, zein diren zure oporretako lekurik gogokoenak, zure kolore kuttuna, baita Interneten ikusi edo irakurtzen dituzun gauzarik intimoenak eta potentzialki desatseginenak ere".
Kaliforniako auzitegiak salaketaren inguruko lehen erabakia hartu du: Googleren nahiari muzin egin –akusazioa atzera botatzea– eta salaketak bere bidea jarraitzea- Hala, epaiketara iristeko aukerari atea zabaldu dio epaileak. Demandaren sustatzaileek Googleren "milioika" erabiltzaile batu nahi dituzte, akusazioa kolektiboa izan dadin. Salatzaileek 5.000 milioi dolar (4.190 milioi euro) eskatzen dituzte Kaliforniako pribatutasun legeak urratzeagatik.