argia.eus
INPRIMATU
Google-en aurkako mugimendu batek multinazionalak Berlinen campusa irekitzea galarazi du
  • Berlingo Kreuzberg auzoan teknologia campusa jarri nahi zuen Google-k. Fuck off Google mugimenduak multinazionalak proiektua atzera botatzea lortu du, bi urtez egindako presioaren ondoren.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 19a

Berlineko langile-auzo garrantzitsuenetako bat da Kreuzberg, bizi-maila ekonomiko apalenetako bat duena. Aspaldidanik abandonaturik zegoen eraikuntza bat hartu zuen multinazionalak duela bizpahiru urte, eta 3.000 metro karratu baliatu nahi zituen campusarentzat. Orduz geroztik Google-en aurkako manifestazioak eta ekintzak ugariak izan dira, hala adierazi du El Diario-k.

Auzoa gentrifikatu nahi izatea leporatzen die Fuck off Google mugimenduko kideek. Kezkaturik zeuden auzoan izan zezakeen eraginarengatik, eguneroko bizitza garestituko zitzaielako. Hori salatuz pintada asko azaldu dira azkenaldian. Eraikuntza pinturaz zikindu izan dute, eta beste behin okupazio saiakera bat ere aurrera eraman zuten.

Urriaren amaieran multinazionalak publikoki adierazi zuen campusa irekitzeari uko egiten ziola. Dena dela, Google-en ardurapean jarraituko du eraikuntzak: datozen bost urteetan bi talde sozialek erabiliko dute –Google-en bazkide dira–. Eraikuntzaren mantenua urtean ia milioi erdi eurokoa izango zaio.