argia.eus
INPRIMATU
Googlek ezkerreko mugimenduen webguneak ezkutatzen dituela salatu dute
  • Duela hiru hilabete “albiste faltsuei” aurre egiteko beharretik abiatuta, Googlek iragarri zuen bilaketa algoritmoak berrituko zituela. Hainbat mugimenduk salatu dutenez, algoritmo horiek prentsa alternatiboari edo ezker mugimenduei egiten die kalte. Sinadura bilketa abiatu dute.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 23a

World Socialist Web Site atariak salatu du sistema. Apirilean Google bidez 422.460 bisita jaso zituen eta abuztuan 120.000 inguru. Hau da,  algoritmo sistema berri honen ondorioz azken hiru hilabeteetan sarreren %70a jaitsi da, webera sartzeko gehien erabili diren 45 terminoak blokeatuta daudelako. Adibidez: sozialismoa, Errusiako Iraultza, Flint Michigan, proletargoa.

Apirilaren 25ean aurkeztu zituen Googlek bilaketa sistemaren aldaketak. “Kalitate baxuko” informazioa duten webguneak erabiltzaileentzat topatzeko zailagoa izatea da helburua, “konspirazio teoriak” edo “albiste faltsuak” ekiditeko.

Googlek ez du azaldu ordea, zer ulertzen duen konspirazio teoria bezala eta WSWS-k salatzen duenez, lotuago egon daiteke hedabide nagusien eta stablishment-aren ideologia sustatzearekin.

Googleko bilaketetan lortzen den posizioa erabakigarria da. Bilatzaileen %90a ez da lehen orritik pasatzen, eta %99tik gora da hamargarren orritik pasatzen ez dena. Horregatik, atari bat lehen 100 emaitzetan ez badago, ia bilaezin bihurtzen da.