argia.eus
INPRIMATU
Google eta Hezkuntza Sailaren arteko hitzarmena argitaratu du EAEko aldizkari ofizialak
  • Ikastetxe publikoetan multinazionalaren tresnak erabiltzea dakar hitzarmenak, “kontraprestazio ekonomikorik gabe” eta gutxienez lau urteko indarraldiarekin. Hezkuntzan teknologia berriekin ere administrazioak “pribatizazioaren alde” egin duela salatu du aditu eta eragile ugarik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko apirilaren 21
Gutxienez lau urterako hitzarmena sinatu du Eusko Jaurlaritzak Googlekin, multinazional pribatuaren tresnak ikastetxe publikoetan erabiltzeko (argazkia: Kaiera)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren eta Googlen arteko hitzarmena argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ostegun honetan. Ebazpenak apirilaren 11ko data du, Jon Iñaki Urbina Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarreko Harrremanetarako zuzendariak sinaturik dago, eta multinazionalaren eta Hezkuntza Sailaren artean adostutakoa jasotzen du xeheki 35 orrialdetan.

Google multinazionalak Workspace for Education izeneko bere tresna-paketearekin hornituko du Hezkuntza Saila –Google Cloud edo Chromebook dira ezagunenetakoak–, bere mendeko ikastetxeetan erabiltzeko gutxienez lau urtez, baina beste lau urtez luzatzeko aukerarekin; eta horretarako bi aldeek hainbat konpromiso hartu dituzte.

Googlekin “lankidetzan” aritzeko konpromisoa hartu du Hezkuntza Sailak, eta talde misto bat sortuko dute horretarako

Hezkuntza Sailak Googlen zerbitzuak ezartzeko faseak definituko ditu eta zerbitzu horietarako sarbideak erraztuko dizkie irakasle zein ikasleei, baita beharrezko “prestakuntza-planak” egin ere. Gainera, Googlekin “lankidetzan” aritzeko konpromisoa hartu du Hezkuntza Sailak; talde misto bat sortuko dute horretarako, eta “tresna berriak probatzeko” betatester talde bat ere sortuko dute ikasleen artean. Azkenik, Hezkuntzak ikastetxeetan Googlen zerbitzuak erabiltzea sustatuko du.

Googlek, bere aldetik, erakunde publikoaren esku jarriko ditu dituen baliabideak, eta arestian aipaturiko “lankidetza” eta taldeetan parte hartuko du.

Hitzarmenak ez dakar “kontraprestazio ekonomikorik” bi aldeentzat eta, aldizkari ofizialean irakur daiteke “doakoa” dela. Hala, segurtasun eta pribatutasun klausulak dakartzan arren, testuak ez du zehazten Googlek zer onura izango lituzkeen ikastetxe publikoetan bere software itxia erabiltzearen ondorioz lorturiko datu pertsonalen tratamenduarekin eta informazio ugariarekin.

Google ikastetxeetan sartzeari kritikak

Ez dira gutxi Microsoft eta Google hezkuntza publikoan izaten ari diren hedapena kritikatu duten eragileak. Administrazio publikoari estrategia falta egozten diete eta konpainia pribatu horiei “alfonbra gorria” jartzea ikastetxeetan sartzeko.

“Notak, oharrak, gurasoekiko komunikazioa… Lainoa ez da existitzen, eta egun AEBetako multinazionalen ordenagailuetan daude datu horiek”, azaldu dio berriki Iñigo Gebara Hezkuntzan Librezale taldeko kideak Axier Lopezi. “Gure datuak enpresa pribatuen menpe uztea baino, hezkuntza komunitatearen kontrolpeko zerbitzarietan edo Eusko Jaurlaritzarenetan jartzea hobesten dugu”.

Adituek sarritan ohartarazi dute multinazional horiek eskaintzen duten “doakotasuna”, egiatan ez dela horrela: “Herritarrok uste dugu ez dugula ezer ordaintzen, baina ematen dizkiegun datu pertsonalak eta jasotzen dugun publizitatea dira ordaina”, dio Gebarak.

Hala, teknologiaren ustezko neutraltasuna zalantzan jarri eta eredu burujabeago bat bultzatu nahian dabiltza hainbat tokitan, besteak beste, zentroetan software libreak inplementatuz. Orain arte egindako bideaz eta aurrera begira hezkuntzan teknologia burujabetzak dituen erronkez sakon jardun zuen Mikel Garciak hainbat solaskiderekin Larrun honetan.