Ez zen gertatuko, baina gertatu da
Ez da gertatzen den lehen aldia, baina Googleren zerbitzariek inoiz jasan duten erorketa handiena izan dela esango nuke. 2020 urteko –nola ez– abenduaren 14an Googlek mundu mailan dituen zerbitzu ugari erori ziren, eta, ondorioz, haiek ezin erabili gelditu ginen. Bilatzaileak (google.com) funtzionatzen jarraitu zuen, baina Gmail, Drive, Calendar, Youtube... bertan behera gelditu ziren.
Albiste hau idazten ari naizen unean Googleek ez du informaziorik zabaldu, baina, dirudienez, kautotze arazo bat izan zuten. Erabiltzailea eta pasahitza eskatzen zuten zerbitzuak bertan behera gelditu ziren, horregatik, Youtube atzitu ahal izateko, leiho pribatu berri bat irekitzearekin nahikoa zela dirudi. Behintzat, hori zabaldu dute erabiltzaile batzuek.
Ordubetean dena martxan
Hirurogei minututan dena normaltasunera itzuli zen eta Googlek eskaintzen dituen zerbitzu guztiak erabilgarri zeuden. Beraz, esan dezakegu ongi eta azkar erantzun zuela G erraldoiak, baina... hurrengoan ez badira gai halako erantzun bat emateko? Beste batean, Googlerekin batera, Microsoft, Amazon, Apple eta Facebook aplikazioak erortzen badira?
"Googleren ordenagailuak itzali ziren. Minutu gutxi batzuk izan ziren, baina behin betiko egoera bat bilakatu daiteke etorkizunean. Erraldoi hauen preso gara eta esnatzen hasi behar dugu"
Internet gabe egon zara
Milioika eta milioika web orrialde ditugu. Milaka zerbitzu, baina zuk eta nik egunero bakan batzuk erabiltzen ditugu. Gmail, Calendar, Amazon, Apple Cloud, Facebook, Whatsapp, Twitter, Instagram eta... kitto! Apenas ateratzen zara ekosistema horretatik. Horregatik, atzo Google erori zen eta zu internet gabe gelditu zinen. Zer egin gabe jakin gabe. Ezin zenituen emailak bidali (Gmail), ezin zenituen zure fitxategiak atzitu (Google Drive), ezin zenuen zure agenda kontsultatu (Calendar) eta ezin zenituen zure gustuko bideoak ikusi (Youtube), besteren artean.
Aipatutako enpresa handi hauekiko dugun menpekotasuna gehiegizkoa da. Ez da osasuntsua. Gainera, ez zu eta ni bakarrik, baizik eta gure inguruan dauden enpresa handi eta txikiek ere, behar bera dute. Baita gobernu eta gobernuz kanpoko erakunde askok ere. Euskal Herriak, zein munduko beste estatuek, ez badituzte bere soluzio teknologikoak garatzen eta martxan jartzen, akabo.
Puntu honetan, software libreak badu zer esana. Besteen menpe geundela, jakin bagenekien. Iametzak bere Podcast batean zioen bezala, hodeia ez da existitzen, beste baten ordenagailua da: ohartarazita geunden, baina oraingoan gure larruazalean sentitu dugu. Googleren ordenagailuak itzali ziren. Minutu gutxi batzuk izan ziren, baina behin betiko egoera bat bilakatu daiteke etorkizunean. Erraldoi hauen preso gara eta esnatzen hasi behar dugu.