Gutxienez Googleko hamabi langilek dimisioa eman dute konpainiaren inteligentzia artifizialaren azkenengo aurrerakuntzak ustez AEBetako Gobernuaren teknologia militarraren garapenerako erabili nahi direlako.
3.100 langilek baino gehiagok iragan hilabetean eskutitz bat sinatu zuten, gaitzetsiz Googleren kolaborazioa AEBetako Gobernuarekin eta Pentagonoarekin. Konpainiaren zuzendari Sundar Pichaik entzungor egin zion eskutitzari, eta orain, zenbait langilek beste pauso bat eman dute eta enpresa uztea erabaki.
Eskutitzean jasotako arrazoietan, beharginek euren ardura azaldu zuten Googleren jakintzak gerrarako helburuak dituzten proiektuetara bideratuko liratekelako. "Project Maven" izeneko inteligentzia artifizialaren aplikazioak eragin du langileen ardura. Horren bitartez, Pentagonoak espioitza bidez jasotzen dituen milioika bideo eta irudi sailkatu eta identifikatuko lirateke.
Google proiektu horretan kolaboratzen ari da, irudi eta bideoetan intereseko auziak antzemango dituen sistema automatikoa garatuz.
Orain hiru hilabete izan zuten langileek Google eta Pentagonoaren harremanaren berri. Googlek azaldu zuen bere teknologia ez dela erabiltzen ari AEBetako Gobernuak “helburuak identifika” ditzan; baina The New York Times egunkariak argitaratu zuenez, konpainiak ez du hori frogatu, uko egin baitio Pentagonoarekin duen kontratua publiko egiteari. Oraingoz, ez Googlek ezta Pentagonoak ez dute informaziorik eman gezurtatzeko elkarrekin garatzen ari diren sistema eginbide militarretara, airezko erasoak detektatzera eta hilketa selektiboetara bideratuko dela.