argia.eus
INPRIMATU
Google Drive-k herritarren eduki “ezegokiak” ezabatzeko baimena eman dio bere buruari
  • Google-k beste marra bat zeharkatu du herritarrek sarera igotzen duten informazioaren kontrola bereganatzeko. Multinazionalak iragarri du Google Drive-n –artxiboak partekatzeko munduan gehien erabiltzen den zerbitzuetako bat– sistema berri bat ezarri duela herritarrek igotako fitxategiek ea enpresaren “zerbitzuaren baldintzak” urratzen dituen identifikatzeko.

Axier Lopez @axierL 2022ko urtarrilaren 05a

Abenduaren 14an, Google-k iragarri zuen Drive fitxategi-biltegi ezagunaren erabilera-baldintzak aldatu dituela. Orain arte Google-k legeak edo epaileek argiki legez kontrakotzat jotako fitxategiak kentzeko betebeharra zuen, baina orain, edukien gaineko botere hori bere gain hartzeko beste urrats bat eman du: enpresa bera izango da salatari eta epaile.

Drive-ren erabilera baldintzen aldaketa iragartzeko testuan halaxe diote hitzez hitz: "Baliteke igotako edukiak berrikustea, gure zerbitzuaren politikak urratu edo legez kanpokoak diren zehazteko, eta horren arabera, eduki horiek ezabatu edo konpartitzea eragotz dezakegu, baldin eta gure politikak urratu edo legea hausten duela pentsatzeko nahikoa arrazoi badugu".

Baldintza berriek herritarren artxiboetarako sarbidea murrizteko aukera emango diote multinazional estatubatuarrari. Enpresaren beraren algoritmoek erabakiko dute ea herritarrek Drive-ra igotako edukiak egokiak direnentz enpresaren politiken arabera.

Google-k dio politika berriaren bitartez malwarea, sexualki esplizitua den edukia, gorrotoa sustatzen duten mezuak edota "haurrak arriskuan jartzen dituen" edukiari aurre egin nahi diela. Horrelako kasuren bat atzemanez gero, Google Drive-ko edukiaren jabeak mezu elektroniko bat jasoko du, edukiaren gainean enpresak hartutako erabakiaren berri emateko. Erabiltzaileak enpresaren erabakia desegokia dela iritziz gero, berrikuspena eskatzeko aukera izango duela dio Google-k, baina ez dute argitu Google-k prozesua nola kudeatuko duen, ezta zenbat denbora beharko den ere.

Drive 2012an jarri zuen martxan Google-k. 2018an enpresak eman zituen datuen arabera, herritarrek Drive-ren zerbitzarietara igotako artxiboak "trilioiak" ziren eta 800 milioi erabiltzaile baino gehiago zituen. Lau urte pasa ostean, zenbaki horiek askoz handiagoak izango dira.

Algoritmoak bizi gaitu

Oso mehea da herrialde batean edo bestean legez kanpokoa dena banatzen duen lerroa, edo zer den "desegokia" eta zer “onargarria”, edo zer jotzen dugun "sexualki esplizitutzat" eta zein den gorrotoa sustatzen duena eta zer kritika. Eta, hain zuzen, hor datza Google-ren sistema mota hau ezartzeko zailtasuna, non algoritmoek ebatziko duten zein den susmagarria. Google-k azken erabakiaren atzean gizakia egongo dela dioen arren, Drive-ra igotako –eta beraz berrikusi beharreko– fitxategi-kopurua hain da handia, multinazionalaren hitza sinesgaitza suertatzen dela.

Areago, erabilera baldintzetan Google-k jaso duenez, "artea, hezkuntza, dokumentu edo zientziarekin lotutako kontsiderazioak oinarri hartuta, salbuespenak” egin ditzake, eta horrek aditzera ematen du edukiak kontrolatzeko prozesuan enpresaren irizpidea, editorializazioa, neurri batean presente egon daitekeela.

Google-ren arabera, kontrol-sistema automatizatuak hautematen duenean haren politika urraketaren bat, enpresako "adituek" eduki susmagarria berrikusiko dute eta zein neurri hartu erabakiko dute, hala nola edukiari sarbidea mugatzea (ezin beste inorekin partekatzea), fitxategi horiek ezabatzea edo, zuzenean, erabiltzailea Drive-tik ez ezik Googleren zerbitzu guztietatik egoztea (baneatzea).