argia.eus
INPRIMATU
Gonzalo Quincoces bizkaitarraren film laburra saritu dute Canneseko jaialdian
  • Jaialdiko LGBTI film onena saritzen duen Queer Palm saria jaso du Gonzalo Quincocesen La caída del vencejo lanak.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko uztailaren 19a
Kepa, 'La caída del vencejo' filmeko protagonista (Argazkia: La caída del vencejo)

2021eko Cannes Zinema Jaialdia uztailaren 6tik 17ra bitartean gauzatu da, eta aurtengo edizioko sarituen artean dago Gonzalo Quincoces (Bilbo, 1992). Bizkaitarrak La caída del vencejo (Zorbeltzaren erorialdia) film laburragatik jaso du Queer Palm saria, zeinaren bidez jaialdian aurkeztutako lan guztien artetik LGTBI pelikularik onena saritzen den.

Quincocesen gradu amaierako lanaren emaitza da La caída del vencejo. Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunyan (ESCAC) ikasketak burutu artean garatu zuen film laburra; azken ikasturtean proiektua aurkeztu zuen, eta eskolak berau finantzatzea erabakita, ekoitzi egin zuten. Quincocesek Deia-ri jakinarazi dionez, 2019 urte akaberan hasi ziren filmatzen, eta 2020ko urtarrilean borobildu zuten muntaia. Pandemiak, baina, atzeratu egin zuen lana kaleratzeko unea, eta 2020ko uda arte ez zuen argia ikusi. Filma Bartzelonan aurkeztu ostean, Cannesera egin du salto berriki.

80ko hamarkadako Bizkaian girotutako filma

La caída del vencejo 80ko hamarkadako Bizkaian girotuta dago, eta Kepa du protagonista, familiarentzat karga dela uste duen langile klaseko gaztea. Ezagutu duen pertsona batekin batera ihes egitera doan gau berean, bere lagunek lantokitzat duten ontziolaren ixtearen aurrean protesta antolatuko dute.

Trailerra