Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara irakasle izan zen. Militantzia politikoan ere aritu zen frankismo garaian. Hainbat aldiz atxilotu eta kartzelatu zuten. 2017an Babazorro bloga abiatu zuen ARGIAn eta Iruña-Veleia auziari buruzko artikulu sorta idatzi zuen.
2017ko azaroan elkarrizketa mardula egin zion Miel Anjel Elustondok ARGIA astekarirako (“Carabancheleko kartzelan onartu genuen guk euskara batua”). Bere bizitzari errepasoa ematen dio Fontanedak, eta batez ere frankismo garai betean euskalgintzan egin zuen ibilbideaz eta militantzia politikoaz hitz egin zuen Elustondorekin.
1958an, 15 urte zituela, hasi zen euskara ikasten. Harra piztu zion ikaskide zuen Ibarrangeluko mutiko batek. “Euzkadi euskaldun guztion aberria duk!”, esan zion, eta Fontanedak elkarrizketan kontatzen du nola ordura arte bere aberri bakarra Espainia zen. Aberria hizkuntzarekin lotu zuen eta euskara ikasteari ekin zion Batxilergoko ikasle zela: “Euskalduna izan behar nuela guztiz konbentzituta”. Peli Lopez Presa izan zuen irakasle eta Andoni Urrestarazu Umandi-ren gramatika erabiltzen zuten metodotzat.
1966an euskara irakasle hasi zen. Fontadenak elkarrizketan esaten du “euskaraz jakin gabe” hasi zela irakasten. Felipe Ibarraran irakasleak soldaduskara joan behar zuela-eta irakasteko aukera eman zioten. Irakasle lanok oso gutxi iraun zuten, Guardia Zibilak eraman baitzuen. Hura izango zen atxilotuko zuten lehenengo aldia.
Irakasle lanetan oso konbentzituta hasi ez bazen ere, ondoren bide luzea egin zuen euskararen ikasketan eta irakaskuntzan. Elkarrizketan azaltzen duenez, 1970eko hamarkadaren hasieran Juan Bautista Gamiz irakasle taldea sortu zen eta euskarazko metodoa egin zuten. Tartean ziren Eusebio Osa, Pako Eizagirre eta Jeni Prieto. Hizketan izeneko irakas metodoa egin zuten, “geure erakoa”, dio Fontanedak. Hala dio lan banaketaz: “Aditza eratzea –nor-nori-nork eta beste–, neuk egin nuen; Eusebio Osak, testuak, langileak gora eta nagusiak behera; eta Maribel Elizondok jo zuen material hura makinaz”.
Fontanedak euskara aztertu, ikasi eta irakasteko metodo heterodoxoa idatzi zuen eta horren inguruko elkarrizketa egin zion Onintza Irureta Azkunek 2007an ("Nahasteko baino ez du balio subjektuak").
Euskara ikasle, irakasle eta metodo sortzaile izateaz gain, azken urteotan Gasteizko euskalgintzan hartu zuen parte. Besteak beste, Arabako Errioxako euskararen inguruko dokumental bat egin zuen eta Gasteizko Mintzalaguna egitasmoan ibili zen.
Iruña-Veleia auzia argitu nahian
Iruña-Veleia Argitu plataformarekin bat egin zuen Fontanedak eta afera argitzeko ahaleginak egin zituen. Auziaz artikulu andana idatzi zuen hedabideetan, besteak beste, Naiz, Berria eta Alea-n. 2017an Babazorro bloga ireki zuen ARGIAn. Batez ere Iruña-Veleia auziaz idatzi zuen. Grafitoak faltsuak edo egiazkoak ziren jakiteko ikerketa bururaino eramatea defendatu zuen. Juan Martin Elexpuruk Iruña-Veleia, gezurra ala egia? bere blogean gogoratu du Gontzal Fontaneda, eta hala dio: “Iruña-Veleiako gorabeheretan adiskide eta irizkide izan genuen, lan handia egin zuen afera argitzeko ahaleginean. Babazorro bloga kudeatu zuen bost urtez, eta artikulu sorta utzi digu irakurgai auziaz”. “Gizon handia bezain umila, zintzoa bezain langilea” ekarri du gogora.
.