argia.eus
INPRIMATU
Cerveraren absoluzioa eskatu du fiskaltzak
Goñi: “CANek bere emaztearen lan-hitzarmena ez berritzeak egin zuen kritiko Cervera”
  • Asteazkenean amaitu da Santiago Cervera PPko diputatu ohiaren aurkako epaiketa. Alde bakoitzak berean jarraitzen du eta fiskalak absoluzioa eskatu du.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 03a
Santiago Cervera epaiketaren une batean.

 

Cerveraren ustez, operazioa bere aurkako tranpa bat izan da eta Jose Antonio Asiáin Nafarroako Kutxako lehendakari ohiaren aburuz, Cerverak xantaia egin nahi izan zion eta ez da sinesgarria tranparen bertsioa.

Asteazken goizean Enrique Goñi CANeko zuzendari ohiak deklaratu du eta bere esanetan, Cerverak bi garai izan ditu kutxarekiko: 2009aren aurrekoa eta ondorengoa. 2009aren aurrekoan bidaltzen zizkion gutunetan gorazarre egiten zion CANi eta hortik aurrera kritika. Goñiren ustez, aferaren muina garai hartan oraindik Cerveraren emaztea zen Monika Ridruejorengan da, hau 2008 eta 2009a artean CANentzat aritu baitzen lanean eta kontratua eten zitzaionetik Cervera CANen aurkako kritikekin hasi zen.

Goñiren esanetan, Cerveraren kritikek ez zuten barne tentsiorik sortzen kutxan eta, berak dakienez behintzat, ez zen egin auzipetuari buruzko inongo informazio txostenik.

Epaiketan zehar agertutakoen artean badira bitxikeriak, baina ez gauza erabakigarririk, behintzat agerikoan. Cervera harresietara eraman zuen ustezko e-postari buruz, bitxia da PPko diputatu ohiak ez eman izana haren berri inori, baina azaldu duenez, bere izaerarekin bat dator hori: “Esaten dute indibidualista eta pertsonalista naizela”.

Auzipetuaren esanetan asteburuak Iruñean pasatzen zituen, Alde Zaharrean, ustezko gutunazal konfidentziala zegoen harresietatik oso gertu, horregatik jo zuen ikustera zer izan zitekeen, “kuxkuxeroa izateak” zuhurtziak baino indar handiagoa izan zuelako: “Baina informazioa Tajonarreko harresi batean uzten zutela esan izan balidate, ez nintzatekeen joango”, azpimarratu zuen.

Atxiloketaren eguna ere bitxia izan zen, bere esanetan orduan ohartu baitzen norbaitek jarritako “amuan erori zela”. Egun berean libre geratu zenean hainbat lagunekin hitz egin zuen, baina ez zien aipatu atxiloketarena, ez gertukoenei ezta bere alderdiari ere.

Askatu ondoren  Juan Carlos Vera PPko antolaketa koordinatzaileak deitu zion eta, honek ahozko auzian esandakoaren arabera, Cerverak aipatu zion PSNkoek jarri ziotela tranpa eta berak kosk egin zuela.

Guardia Zibilaren peritoek ere deklaratu dute epaiketan eta hauen esanetan, Cerveraren tresneria informatikoan egindako miaketa eta ikerketen ondoren ez dago frogatzerik Asiáinek jasotako xantaia mezua Cerverak bidali zuenik. Eta fiskala, batez ere horretan oinarritzen da Cerveraren absoluzioa eskatzeko. Jose Antonio Asiánen akusazio partikularrak, ordea, 14 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du. Ahozko auzia maiatzaren 3an bukatu da eta orain epaiaren zain da.