argia.eus
INPRIMATU
Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista
  • 2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu garenik, baina urte hauetan bere presentzia gorabeheratsua izan denez, gure hasierako “traumak” arindu direla esan behar.

Iñaki Mezquita Aranburu 2024ko abenduaren 02a
Iñaki Mezquita Aranburu

Goazen lehenbizi intsektu hau hobetoxeago ezagutzera. Kolorazio apaleko zimitz hau asiarra da eta gure lurretara “istripuz” ailegatu da, ez migrazio baten ondorioz. Familia honetako zimitz espezie mordoxka dugu gure artean, eta horietako batzuek (gure protagonistak bezalaxe) usain higuingarri bat ekoizteko ahala dute bere burua arriskuan ikusitakoan. Bere kolorazioa apala da, ondo kamuflatzen da, baina bere antenetan eta hanketan (intsektua denez, sei ditu) marra zurixka batzuk ditu, oso nabarmenak. Aipatu berri dugun sistema bakar hori du guri “aurre egiteko”, beraz, usain txarrez aparte, ez dugu inongo kalterik jasan beharko etxetik joatera gonbidatzen dugunean. Hegalari trebea da, eta batzuetan temati samarra, behin eta berriz lehenagoko ingurura itzultzen da. Hegan ondo egiten badu ere, oinez ibiltari trebea da, eta barregarria ere bada gure aurrean zerbaiten atzean nola ezkutatzen den ikustea –landare, makila, edo zernahi–.

Gizakiontzat ez du inongo arrisku fisikorik, esan bezala, baina bai eragin dituela kalte ekonomikoak zenbait lekutan (Italian edo Herrialde Katalanetako Gironan, esate baterako). Ez da landare bakarraz elikatzen, eta horrek kalte ekonomikoak eragiteko aukerak ugaritu egiten ditu. Hala ere, esan beharra dago, oraingoz behintzat, ez dela halako kalteren berri izan gure artean. Intsektu honek hibernazioa heldu fasean betetzen du, beraz, negua gogorra denean, bere populazioak gehiago sufritzen du. Uda amaieran edo udazkenean gordeleku bila ibiltzen da, hibernazioari aurre egin ahal izateko, beste hainbat intsektu bezalaxe (tximeletak eta abar luze bat), eta horregatik maizago ikusten dugu. 2023 urtean zimitz honen presentzia oso handia izan zen, 2024an, berriz, ez da halakorik izan. Kanpoko espezie bat ailegatzen denean urte batzuk behar izaten dira leku berriarekiko moldaketa nola burutzen duen ikusi ahal izateko, klimatologiaz aparte, beste organismoekiko harremanak nola bideratzen diren ikusteko. Hau da, nola uztartzen den kate trofikoan, beste eragile batzuen artean zein diren bere harrapakari biologikoak, eta berauek ezartzen dioten presioa ikusteko. Ez dira urte asko pasa –sei, asko dira lagun bat noiz ikusiko dugun zain egoteko, baina ez intsektu baten egokitzapena antzemateko– eta adi jarraitu beharko dugu bere jardunbidea hurrengo urteetan, noski.

ARMARRI-ZIMITZ JASPEZTATUA (Halyomorpha halys)

Taldea: Ornogabea/Intsektua/Hemiptera, Pentatomidae.
Neurria: 1,2-1,5 cm.
Non bizi da? Ekialdean du jatorria, baina Europan eta Amerikan ere zabaldu da.
Zer jaten du? Landareak.
Babes maila: Ez dago babestuta.