Uda igarota hasiko dira foruzainak bestelako jaurtigailuak erabiltzen, apar biskoelastiko moldagarriz egindako kartutxoak, hain zuzen. Orotara, 35.000 euro inbertitu ditu exekutiboak, egun erabiltzen dituzten gomazko pilotak ordezkatzeko asmoz.
Materialaren hornitzailea zein enpresa izanen den zehazte aldera, lehiaketa publikoa deituko dute. Erosiko duten modelo zein den jakinarazi ez badute ere, Ertzaintzak eta Mossos d'Esquadrak erabiltzen dituztenen antzekoak izan daitezke.
Diotenez, "ez dira gomazko pilotak bezain kaltegarriak", eta "zehatzagoak" dira herritarrak jotzerakoan. Une honetan, era horretako bost jaurtigailu dauzkate foruzainek, eta, aurrerantzean, hemeretzi izanen dituzte. Hala, "behin betiko" desagertuko dira gomazko pilotak.
Diario de Noticias de Navarra egunkariak kaleratutako erreportajean Agustin Gastaminza Nafarroako Barne saileko zuzendari nagusiarekin mintzatu dira. Haren arabera, "jaurtigailu berriak aurrerapena dira gizarte demokratiko bateko herritarren eskubideen defentsan"; izan ere, "zehatzago zehaztu daiteke jo puntua". "Mina sortzea baino ez dute helburu, lesio gogorrak egin gabe", zehaztu du.
Gomazko piloten arriskuak gutxitzeko antzeko neurriak hartu dituzte EAEn eta Katalunian. Ez da kritikarik falta, baina. Teknologia militarrean espezializatutako enpresek garatzen dituzte arma horiek ere, eta herri mugimenduko eragile zenbaitek ezbaian jarri dute askoz seguruagoak direnik. Esaterako, Mossoek ibiltzen duten modeloa granada jaurtigailu baten egokitzapena da.
Diagonal egunkariak Mossoek dauzkaten jaurtigailuen azterketa egin zuen 2013an, horiek dauzkaten arriskuak azpimarratuz -pentsatzekoa da modelo horrek eta Nafarroan ezartzen dutenak antzekotasunak izanen dituztela-. Egunkarian diotenez, apar biskoelastikoz egindako jaurtigai koxkor batek oinez ibili ezinik utziko du herritarra inpaktuaren momentuan bertan. Hurrengo egunean erren jarraituko du. Are gehiago: efektuak handik 45 egunetara ere sumatzeko aukera dago.
Albiste hau Euskalerria Irratian egina da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.