argia.eus
INPRIMATU
Bideo batek baieztatu du pilotakada batek jo zuela begian Ester Quintana
  • Bideo berri baten eta Brigada Mugikorreko polizia baten testigantzen berri izan ostean, azaroaren 14ko greba egunean Bartzelonan begian zauritu zuten 42 urteko emakumeak –Ester Quintanak– Mossoen pilotakada bat jaso zuela baieztatu ahal izan da, Felip Puig Kataluniako Barne ministroak gaur arte bestelako bertsioak defendatu dituen arren. “Iritzi publikoak bazekiena berretsi da: poliziak zauritu zuen Quintana”, diote orduan gertatutakoa hurbiletik jarraitu duten hedabideek, Setmanari de Comunicació Directa agerkariak kasu.

Jon Torner Zabala @jtorner 2012ko abenduaren 12a

Grabazioari esker jakin ahal izan da gomazko pilotak 20:48etan jo zuela Quintana, eta mossoak 35-40 metrotik egin zuela tiro. Froga berriak agertzen doazen heinean, Barne ministroak bere bertsioa aldatzen duela nabarmendu du aipatu aldizkariak. Hasiera batean, adibidez, poliziek gomazko pilotarik ez zutela erabili esan zuen, baina barne-ikerketa batek kontrakoa erakutsi zuen apur bat beranduago eta hainbat mossok aitortu dute baietz, gomazko pilotak erabili zituztela.

Ostiralean, Quintanak pilotakada jaso zuenetik hilabete pasako denean, elkarretaratzea egingo da Bartzelonako Gràcia pasealekuan, berari elkartasuna adierazi eta Puigen “gezurrak” salatzeko. Hain justu, bere bertsioak etengabe gezurtatzen dituzten datu, bideo eta testigantza berriekin haserre, Puigek azalpenak emateko eskatu die Mossoen buruei, "informazioa ezkutatzen" ari omen zaizkiolako. Mossoen artean ere kezka piztu du Barne ministerioaren eta polizien arteko elkar ulertze ezak, eta bi aldeen jarrera haien sinesgarritasuna zalantzan jartzen ari da hasiera-hasieratik.