Ester Quintanaren kasuan gertatu antzera, Bartzelonako auzitegiek absolbitu egin dute Oscar Alpuente begi gabe utzi zuen Mossoa.
Justiziak frogatutzat eman du lesioa poliziak tiro egindako gomazko pilota batek eragin duela, baina antza denez, ezin izan du zehaztu ze agentek egin zuen tiro, Eldiario.es komunikabidearen arabera.
Epaiaren sententziak dio eskopetarekin aritu ziren agenteek jardunak araudia jarraitu zuela, eta Alpuenteren lesioa “poliziaren jardunak baimendutako arriskuen barnean” kokatzen dela. Sententzian erantsi dute lesioa “ezustekoa” dela, eta poliziaren “nahitik haratago dauden baldintzetan” gertatu zela.
2009an lehertu zioten begia Alpuenteri, Bartzelona futbol taldearen liga, kopa eta Championseko garaipenak ospatzen ari zenean. Alpuentek hiru urteko kartzela zigorra eta 180.000 euroko indemnizazioa eskatu zuen. Epaileak baina, fiskaltzaren eskaerari men egin dio, hark esan baitzuen lesio “ezustekoa” zela eta ezin zela zehaztu egiletza.