argia.eus
INPRIMATU
Espainian gomazko pilotak debekatzen laguntzeko eskatu diote Nafarroako Legebiltzarrari
  • Ostiral honetan egin dute agerraldia Stop gomazko pilotak ekimenekoek eta Foru Legebiltzarrari galdegin diote Espainiako Barne Ministerioari eska diezaiola gomazko piloten debekua.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko urriaren 29a
Iturria: Ahotsa.info

Kataluniatik dator ekimena, giza eskubideen eremuan diharduten Iridia eta Novact elkarteen eskutik eta Espainiako Gobernuak behingoz gomazko pilotak debekatzea du helburu, kontrolaezinak eta hilgarriak direlako. Ertzaintzak, Foruzaingoan eta Esquadra Mossoek jadanik ez dute arma mota hori erabiltzen, baina Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak oraindik bai. EH Bilduk eraman du ekimena legebiltzarrera eta eskariarekin bat egin dute Geroa Baik eta Ahal Duguk. Navarra Sumak eta PSNk ez. Kataluniako Generalitateak sostengua eman dio ekimenari.

Euskal Herrian gomazko pilotek milaka pertsona zauritu dituzte eta horietako hainbatek begiak galdu dituzte. Aingeru Zudaire atarrabiarra da zauritu horietako bat: 2012ko greba orokor batean Espainiako Poliziak Sarasate pasealekuan oso gertutik gomazko pilota bat bota eta begian eman zion. Harrez gero erdi itsu dago zauritu zuten begitik. Gaurko ekimenean izan da, bat egin du eskaerarekin eta bere kasua azaldu du.

Zudaireren auzia zabalik da oraindik. Epaiketa egin ondoren, 2014ko epaiak pilota jaurti zuen polizia absolbitu egin zuen, epaiaren ustez ez zegoelako nahiko froga esateko polizia horrek jaurti zuela pilota. Hala ere, frogatutzat eman zen jaurtiketa Poliziak egin zuela.

Euskal Herrian azken hamarkadan sona handiena izan duen kasua Iñigo Cabacas gaztearena da. Ertzaintzak jaurtitako pilota batek hil zuen 2012an, eta 2021ean emandako epaian ez zen zigortu pilota jaurti zuen ertzaina, zehazki tiro egin zuen ertzaina nor izan zen ezin zelako jakin, apaiaren arabera. Erasoa egin zuen ertzain taldea zuzentzen zuen polizia zigortu zuten bi urteko kartzela zigorrarekin.

Ahotsa.info-ren bideo honetan ikus daiteke Iruñeko gaurko ekitaldiaren laburpena. Gomazko pilotek eragindako kalteak eta haien aurka izandako mugimenduen informazio gehiago topa daiteke gomazko pilotei buruzko ARGIAren kanalean