argia.eus
INPRIMATU
Golpismo giroan onartu dute inbestidura akordioa PSOEk eta Juntsek
  • Joan den ostegunean zen aurkeztekoa akordioa, baina Juntsek ez omen zuen ikusten guztiz lotuta amnistiaren inguruko akordioa, eta astebete behar izan dute azken hari horiek ondo jozteko. Hortaz, datorren astean Pedro Sánchezen inbestidura saioa izango da, seguruenik asteazkenetik aurrera.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko azaroaren 09a

Eguerdian ematen ari dira akordioaren berri, Bruselan, Carles Puigdemontek eta Santos Cerdanek, hurrenez hurren Junts eta PSOEko negoziatzaile nagusiak, bakoitzak bere aldetik. Joan den astean eman ziren amnistia legeari buruzko eduki nagusiak, eta ez dago oraindik argi aste honetan emango diren azken xehetasunak edo datorren astean. Edozein kasutan, Pedro Sánchezen inbestidura saioa datorren astean bideratuko da, iturri gehienek diotenez asteazkenetik aurrera.

Amnistia legeak hartuko ditu proces-aren bueltan 2013ra arte izandako auzipetze guztiak, tartean 2017ko urriaren 1eko erreferendumari lotutakoak edo 2014an egin zen kontsultarekin zerikusirik izan dezaketenak. Alde horretatik, gaur egun berezia da katalan soberanistentzat, 2014ko azaroaren 9an egin baitzen Kataluniako independentziari buruzko lehen kontsulta, CiUko Artur Masen gobernuak bideratua. Amnistiaren Legeak, halaber, bere baitan hartuko ditu lawfare-tzat jotzen diren beste kasu batzuk, horien artean esanguratsuena Juntseko lehendakari Laura Borrasena.

PP eta Voxen oldarraldia

Amnistia legea baliatuta PP eta Vox PSOEren aurkako kanpaina politiko oso gogorra egiten ari da, akaso orain arte izan den gogorrena. Eskuin muturra buru, azken egunetan PSOEko Madrilgo egoitzaren aurrean milaka pertsona bildu dira eta istiluak ere izan dira hainbatetan, bereziki joan den astearte gauean.

Une batzuetan bilkuretan 6.000-7.000 pertsona bildu badira ere, asteazken gauen 1.500 bat ziren protestan. Manifestariak Ferrazeko egoitzara hurbiltzeko ahalegina egin izan dituzte eta orduan izan dira istiluak haien eta polizien artean, baina oro har, deigarria egin da Espainiako Poliziak manifestarien aurrean izan duen jarrera lasaia. Datorren iganderako ere PPk eta Voxek manifestazioak deitu dituzte estatu osoan eta jendetsuak izango direla espero da. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazpen instituzionala egin du horien harira, eta eskatu dio PPri gaitzetsi dezala izandako bortizkeria eta bertan behera utzi ditzala deialdiak.

Botere judizialetik ere egurra

Joan den azaroaren 6an CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak oraindik ere ezagutzen ez den amnistia legearen aurkako deklarazio politiko bat onartu zuen. Oso ezohikoa da hori, eta bertan esaten zen legea onartzen bada, horrek zuzenbide estatuaren abolizioa dakarrela. Pedro Sánchez-ek Espainiaren interesa eta berea nahasten zituela zioen adierazpenak, bere ideologiakoak ez diren gobernuak saihestu nahi dituela, eta hori ez dela bateragarria alternantzia politikoarekin. Bederatzi kide kontserbadoreren aldeko botoarekin atera zen aurrera, bost kide aurka agertu ziren, lehendakaria abstenitu eta beste kide batek ez zuen bozketan parte hartu.

Aste honen hasieran, halaber, Espainiako Auzitegi Nazionalak inputazio berriak egin ditu Kataluniako Tsunami Demokratikoa ekimenaren harira, gertaera haietatik sei urtera eta, besteak beste, Carles Puigdemont eta sasoi hartan ERCko idazkari nagusi zen Marta Rovira inputatuz.

Azalpen esker Bruselatik ere

Espainiako eskuina inoiz ez moduko presioa egiten ari da han-hemenka eta Bruselan egindako lanak izan du bere ondoriorik: Europar Batasuneko Justizia komisario Didier Reynders-ek gutun bat idatzi dio Pedro Sánchezi eta bertan amnistia legearekiko ardura azaltzen dio, eta hari buruzko informazioa eskatu. Ezohikoa bada Bruselak halakorik egitea, are ezohikoagoa da hori egitea legea oraindik onartu ez denean.

Ahalegindu bada ere, PPk ez du lortu bere buru Alberto Nuñez Feijo Espainiako Gobernuko lehendakari izendatzea, baina eskuinak nagusitasun handia du Espainiako instituzioetako panorama politikoan, hala nola udaletxeetan, autonomietan edota Senatuan, eta PPk iragarri du dena baliatuko duela gobernu berriaren aurka. Hain zuzen ere, Senatua tresna garrantzitsua izango da horretarako: han gehiengo handia izan arren, ezingo dituzten Espainiako Gobernuaren lege edo dekretuak geldiarazi, baina haren jarduera zangotrabatuko dute, esaterako Senatuko Mahaian egingo dituzten arau aldaketekin.

Juntsekin akordioa sinatu ondoren EAJren sinadura falta da oraindik, baina PSOEko iturrietatik aipatu denez, negoziazioak ia itxita daude eta hor ez dute arazorik ikusten.