argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Kolpea Estatuari eta ‘Françafrique’ jarrerari

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko abuztuaren 31
Frantziaren aurkako mezuak errepikatzen dira Afrikako azken estatu-golpe eta herritarren matxinadetan. Argazkia: AFP

Mali (2020), Ginea (2021), Burkina Faso (2022) Niger (2023) eta orain Gabon. Estatu bakoitzak du bere errealitate soziopolitikoa, eta begirada mendebaldarrak ezin dezake orokortasunik egin. Estatu-kolpe bakoitzak ditu bere berezitasunak eta arrazoiak, Afrika zabala delako eta herri bakoitzak duelako bere barne-errealitatea. Baina osagai komun batek batzen ditu bostak: guztiak dira Frantziaren kolonia izandakoak, 1950eko hamarkadaren bukaeran ala 1960koaren hastapenean independentzia lorturikoak, eta hala eta guztiz ere, hirurogei urtez gora pasa arren, Frantziaren atzaparretatik emantzipatzeko nahiarekin segitzen dutenak. Afrikar anitzek "neokolonialismotzat" daukaten Frantziaren gehiegizko presentziaren aurkako mezuak kausitu ditzakegu oihukaturiko leloen artean.

Françafrique hitzak aktualitatean segitzen du, beraz, nahiz eta kolonien garaiko harremanak izendatzeko asmatu zuten terminoa 1945ean. Dekolonizazioak ez zuen Françafrique izpiritua desagerrarazi eta Afrikan dihardute Frantziako interesek, ofizialki ala estraofizialki, botere-guneetan ez bada, horietarik hurbil. Bistan da, Afrika bipiltzeko baimena ez doa musu-truk eta seguruenik abuztuaren 30 honetan estatu-kolpe batek inarrositako Gabon dugu adibide esanguratsuenen artean.

Noski, 1967az geroztik Bongotarrek presidentetza beren esku atxikitzeak, hiru gabondarretatik bat pobrezia gorrian bizitzeak baina kanpoko multinazionalak lekuko petrolio, egur ala mineralen ustiapenari esker aberasteak bultzatu dute boterearen uzkailtzeko urratsa. Baina ondokoa ere kontuan hartzekoa da: oraindik ere Bongotarrek Frantziarekin duten harreman estua. Errealitatea irudikatzeko zehaztu dezakegu, demagun, Gaboneko presidentetza 56 urtez atxiki izan duen familia hori dela Pariseko 28 luxuzko hotelen jabe –guztira 88 milioi euroko ondasuna, iazko justizia ikerketa baten arabera–. Bizkitartean, Gabonen egoteko eskubidea dute Frantziako 400 bat militarrek, "kooperaziorako" zein bertako enpresa frantsesen "defentsarako". Kolonialismoaz nostalgiko dena lasaitu daiteke beraz.

Hamarkadetan boterean diren autokraten haizatzeko bide izanik, estatu-kolpearen eramaile izandako militarrek herritarren  txaloak jaso dituzte –tartean, gazte anitz–. Herritar horien matxinadaren bidez gertatu zitekeela boterearen uzkaltzea? Seguruenik. Baina lekukoek  arras ongi badakite errepresio bortitza pairatuko luketela. Bortitza eta indarrez bikoitza, Françafrique izpirituaren iraupena nahi duen Parisek lagunduriko erantzuna izan ohi delako.

Oraingoz elkar sostengatzen dira Mali, Ginea, Burkina Faso eta Niger (eta seguruenik Gabon), nazioarteko interesen parean bloke gisa kokatzeko. Frantziaz gain, anitz direlako nazioarteko interesatuak: orokorki Europar Batasuna, AEB, Errusia, Txina… hots, Afrikako lurrak ekonomikoki, politikoki eta militarki interesgarritzat dauzkatenak. Oraindik ikusteke dago desadostasunak alde batera utzi, eta zertan adosten diren gobernu berri horiek. Oraindik argitzeko dago zer nolako geroa duten proposatzeko... Afrikarentzat eta afrikarrentzat.