Negua beti gertatu izan zait malenkoniatsu. Leihotik begira eta oroitzeko garaia, besterik ez. Udazkenaren eta udaberriaren tarteko burokrazia saihestezina, paramentu bertikal batean zuriz margotzea ostera gainean nahi dena islatzeko. Ez da nire kontua bakarrik, elurra bustia dela ahazten dutenei ere gorritzen zaizkie hatz-mamiak noizean behin. Nostalgiak laburbiltzen du garaia, inoiz izan ez duzun beheko suaren parean eskuak berotzea, sekula ere gustatu ez zaizkizun polboroiak irensten dituzun bitartean.
Zinez da boteretsua nostalgia. Ez da kontu berria, badakit, badakit, eta amarauna ikusezina osatzen du, digu. Orpo eta behatz lotzen dituen hari ikusezina, itsaskorra, anabasa, oztopoa. Errotuta dagoen hura zirikatzen duena. Baina hau ez da saiakera antropologikoa, oraingoz bederen, sareetan gora eta behera begira dagoenaren hausnarketa baizik.
Nostalgia ez da iraganeko garai sinpleak faltan sumatzea; nostalgia, gehienbat, inoiz gertatu ez den aldi baten desira da
Etengabeko irudi zaparradan asko, asko asko, dira azken aldian agertzen zaizkidan arte klasikoko kontuak: Notre Dame Parisekoa zein Amiensekoa, Coloniako katedrala, Burgosekoa, Bernini, Borromini eta beste hamaika izen italiar. Nahaspila, berdin du arte grekoa, gotikoa, barrokoa ala neoneoneoneoklasikoa. Funtsa, zera, mezua, hamaika argazkian behin loratzen den burutazio inozoa: Zergatik ez dugu horrelakorik eraikitzen dagoeneko?
Erantzuna, antza, begi-bistakoa irakurle ororentzat: emakumeengatik, marikoiengatik, mairuengatik, migratzaileengatik, wokengatik… Propaganda erreakzionarioa, esan gabe doa. Mezu hau sareetan modu ia-ia industrialean hedatzeko ardura hartu dute zenbait kontuk, eta jarraitzaile andanak babesten ditu. Ezin faxistei esan antolatzeko gaitasunik ez dutela. Al César lo que es del César.
Ez da kontu makala, zuk zutabe (korintio) hau irakurri bitartean jende mordoak Versailleseko argazkiak ikusi eta zintzotasun osoz galdetu dio bere buruari zergatik ez denentz horrelakorik egiten. Beste garaiak errazagoak izan zirelako, antza. Nostalgia ez da iraganeko garai sinpleak faltan sumatzea; nostalgia, gehienbat, inoiz gertatu ez den aldi baten desira da.
Argazkietan denak ematen du erraza, susmagarria gertatzen zait. Zuri beltzean argazkiei arazoak ere ezabatzen ei zaizkie. Historia gure (subjektu eliptikoa, red flag) hanka sartzeetatik ikasteko irakasten zaigula errepikatu izan da behin eta berriro, baina inork ez du izan nahikoa ausardiarik akats entzutetsuez hitz egiteko. Ondorioa begi bistakoa da; benetako memoriarik izan ezean hutsuneak betetzeko joera larregizkoa, fill in the gaps historikoa.
Baina hau ez da saiakera historikoa, oraingoz bederen, katedral eta jauregien ateo baten hausnarketa baizik. Ordena klasikoen, marmolezko eskulturen eta frontoi erraldoien artean nostalgia pozoidunik sar ez dezaten abisua da. Azken finean, historikoki aurrera egiteko modu ezagun bakarra ditxosozko jauregi, eliza eta gazteluei su ematea izan da.