argia.eus
INPRIMATU
Goizaldeko ordutegian on-line jokoaren publizitatea mugatu nahi du Espainiako Gobernuak
  • Espainiako Kontsumo Ministerioa errege-dekretu bat prestatzen ari da, goizaldeko 1:00ak eta 5:00ak bitartean irrati eta telebistek emititzen dituzten on-line joko eta apustuen iragarkiak mugatzeko helburuarekin, El País-ek jaso duenez. Irratiaren sektoreko patronalak "neurriz kanpokoa" dela adierazi du; eta telebistarenak, neurri "gogorra" dela.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko otsailaren 06a

Alberto Garzon ministroak hainbat bilera egingo du asteotan sektoreko eragileekin, Joko Arduratsuaren Kontseilu Aholkulariarekin (CAJR) eta hedabideetako ordezkariekin besteak beste, ahalik eta adostasun zabalena lortzeko. Prestatzen ari diren errege-dekretua, on-line jokoa arautuko duen dekretu zabalago baten adarretako bat da. Datozen asteetan ezagutuko dira datu gehiago. Mahai gainean daude, esaterako, jokoaren sektoreko enpresek webguneetan paratzen duten publizitatea, futbol taldeen eta kirol ekitaldien babesletzak, apustu etxeen ordutegiak mugatzea eta abar.

AERC Espainiako irrati-difusio komertzialaren elkarteko "iturrien" iritziz, "neurriz kanpoko" erabakia da, irrati entzuleen batez besteko adina 52 urtekoa delako, eta adin txikikoen %2k baino gutxiagok entzuten dutelako. Hain justu, gazteak babestea du helburu Gobernuaren dekretuak, ludopatiaren aurka lanean dihartuten elkarteetako eta beste zenbait gizarte eragileren eskaerari erantzunez.

Zentzu berean mintzatu da UTECA irekian emititzen duten telebista komertzialen elkartea: "Neurri oso gogorra da, ez du ezertarako balio, ez du helburua lortuko. Bitarteko urratsak eman behako lirateke. Auto-erregulazio mekanismoak txertatzen ari gara: babes bereziko umeentzako ordutegia daukagu, joko arduratsuaren aldeko mezuak halerazten ditugu, 18 urtez beherakoek jokatzea debekaturik daukatela gogorarazten dugu, eta apustu etxeen iragarkietako protagonistak 25 urtetik gorako pertsonak izan behar dira".