argia.eus
INPRIMATU
Goiz honetan hasi da 13/13 epaiketa politikoa Madrilen
  • Epaiketa hau salatzeko manifestazioak burutu zituzten larunbatean Donostian eta Bilbon. Euskal presoen eskubideen alde lanean aritutako zortzi euskal herritar dira epaiturik. Epaiketa hasi aitzin, "auzi honen irregulartasunak" salatu ditu defentsak.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 12a
Auzipetuek eman dute makroepaiketaren berri. Argazkia: Oskar Matxin Edesa / FOKU.

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira Espainiako Auzitegi Nazionalak gaurtik aitzina epaituko dituen euskal herritarrak, guztiak euskal presoen eskubideen alde lanean aritutakoak. Orotara 77 espetxe urte eskatzen ditu fiskaltzak auzipetuentzat, 7 eta 19 urte arteko eskaera pertsonalekin. Epaiketa hasi dute goiz honetan eta zortzi saio izanen dira uztailean eta beste zortzi irailean. Martxan den 13/13 auzia "oinarrizko eskubideen urraketaz" eta "irregulartasunez" beteta dagoela salatu izan du defentsak. Adibidez, legez kanpoko entzuketak egin zizkieten atxilotuei, torturatuak izan ziren eta auzipetuetako batzuk bi aldiz epaitu nahi dituzte delitu berarengatik.

13/13 epaiketaren salatzeko manifestazioak egin zituzten larunbatean Bilbo eta Donostian. Bukaerako hitzartzean ondokoan argi utzi zuten: "Aurrera egiteko determinazio irmoa dugu. Iraganera kateatuta nahi gaituzte. Bizitza proiektua hondatu nahi diete auzipetuei eta haien ingurune hurbilari". Bilbon, Arantza Zulueta eta Saioa Agirre auzipetuak jendetzaren aurrean agertu ziren, eta, txalo eta animo artean, eskerrak eman zizkieten bildutakoei: "Zuek gabe, ezinezkoa izango zen gu Madrilera hain indartsu joatea. Indartsu goaz, baina kezkatuta ere bai, Auzitegi Nazionala ezagutzen dugulako eta badugulako han erabiltzen dituzten trikimailuen berri".

 
Denboraz kanpo

Epaiketa “denboraz eta tokiz kanpo” dagoela salatu zuten epaituek auziaren berri ematerakoan; zauri berriak irekitzeko ordez, oraindik zabalik daudenak ixteko garaia dela aldarrikatuz: “Bada garaia presoak etxera itzul daitezen. Bada garaia gatazkaren ondorioak argitzeko, guztiak, eta zauriak ondo ixten saiatzeko. Bada garaia gatazka politikoaren sustraira joateko. Euskal gizarteari, askatasunari, demokraziari aukera berriak irekitzeko etapan gaude, euskal gizarteak behar duen bizikidetza demokratikoaren esparrura irits gaitezen”.