argia.eus
INPRIMATU
Goiz bat Hondarribiko Alardean: bizikidetza ala berdintasun arazoa?
  • Euripean, inoiz baino konpainia jendetsuagoa osatuz eta babes handiarekin desfilatu du Jaizkibelek Hondarribiko Alardean. Goizean ikusitakoak plano subjektiboan kontatzen saiatu gara ondorengo lerroetan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko irailaren 09a
Jaizkibel konpainia Kale Nagusian gora abiatu aurretik (argazkia: Hondarribiko Hitza).

7:30. Euria ari du. Euskal Herriko mugimendu feministaren deialdiarekin bat eginez, jende ugari dago Hondarribiko Alde Zaharreko sarreraren inguruan, koloretako zapiak sorbaldan dituztela, Jaizkibel konpainia parekideari babesa emateko. Desfileko publikoa bereizteko jarrita dagoen hesia ireki dutenean kalean gora abiatu gara. Kale Nagusira sartzeko arkua igaro dugunean, gorantz doan jende kopurua ikusita, “nabari da igandea dela” dio neska batek –“herria” Alarde baztertzailearen alde dagoela defendatzen dutenen artean nahiko zabalduta dago “kanpotarrak” izan ohi direla Jaizkibel animatzen dutenak–.

Aurten ez dago plastiko beltzezko harresirik, baina kolore bereko zakar poltsak jantzi dituzte desfile parekidea boikotatzen dutenek. Ezagunen bat edo beste agurtu eta Kale Nagusiko espaloi baten aurrean jarri: zakar poltsa bat jantzita daraman neska batek kentzeko eskatu digu, beraiek goizeko 5etatik lekua hartzen ari direla. Hizketan hasi eta adierazi digu Jaizkibelen ere lagunak dituela, haiek ikustera ere etorri dela. “Ulertuko duzun bezala, plastiko horrekin beste inpresio bat eman dit”, azaldu diot eta aurrerago jo dugu.

Udaletxeko arkupeetan ordezkari politiko eta instituzionalak daude. Nobedade bat: Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente jeltzalea beste ordezkariekin batera dago. Iaz kargu horretan zegoen Eider Mendozak ere ikusi zuen Jaizkibel pasatzen, baina ez gatazka honentzat pisu sinboliko handiena hartu duen Kale Nagusian. Hori bai, tradizionalki udal ordezkariek Alardea ikusten duten lekuan, eliza atarian, Hondarribiko alkatearen hutsunea nabarmena da: jaiak hasi baino lehenago Jaizkibelek ordutegia aldatu beharko lukeela adierazi zuen kazetari baten galderei erantzunez. Azkenean, berak aldatu du ordutegia konpainia parekidearekin bat ez egiteko.

Goraxeago aurkitu dugu lekua: jende desberdina, baina zakar poltsa berdinak. Bost edo sei segundoz bloke beltzeko emakume batek telefono mugikorrarekin grabatu gaitu txaloak jotzen. Piura bitxi horrekin jantzita gure atzean dagoen emakumeetako bat ez da aurretik hitz egin dugun neska bezain adeitsua. Zakar aritu zaigu, momentu batean bultzaka hasi da eta ertzain bat ondotik pasa denean “hauek kanpora” bidaltzeko eskatu dio –polizia autonomikoko agenteak aurrera segi du jaramonik egin gabe–. Beharrik La Sexta telebista kate espainiarreko kazetari bat gerturatu den, oihuka ari zitzaigun emakume horri adierazpenen bat egin nahi ote zuen galdezka. Bizkarra eman du eta hortik aurrera lasaiago egon ahal izan gara.

Badator kalean gora Jaizkibel: inoizko desfile jendetsuena da aurtengoa, 1.000 lagunekoa izatera iritsi da zenbaiten arabera. Eta, iazko giro liskartsuarekin konparatuta, emakumeek gizonen pare parte hartzen duten desfileak harrera askoz beroagoa izan du. Haiei babesa adierazteko jende askoz gehiago etorri delako, batetik; eta kontrakoek ere jarrera epelagoa hartu dutelako bestetik. Izan ere, iazkoa inflexio-puntua izan zen zentzu askotan: urte batzuetan lasaiago desfilatu ondoren, Jaizkibelen aurkako jazarpena koska bat estutu zuten eta horren eraginez, debate publikoa urte osoan luzatu da irailean agortu beharrean, bi aldeen arteko elkarrizketaz hitz egiteko elkarrizketa-prozesu bat abiatzeraino –nahiz eta prozesu horretan bitartekari lana egin duen Jenny Piercek abuztuan denbora gehiago behar zela esan zuen eta bertan behera geratu zen desfile diskriminatzailea defendatzen dutenen eta Jaizkibelen artean egitekoa zen bilera–.

Arma Plazara iritsi ondoren beherantz abiatu da berriz konpainia parekidea. Aurpegi alaiak, konpainiako kide batzuk emozioarekin bete egin dira, malkoren bat ikusi dugu. “Ez dute behin ere lortuko, behin ere!”, dio, ozen samar, atzean daukagun emakumeak. Baina txaloak eta Jaizkibelen aldeko animoak gehiago entzuten dira.

Alardea ez da Kale Nagusitik bakarrik pasatzen

Alarde honetako konpainia jendetsuena Alde Zaharretik atera denean, harresitik Zezen Plazara joateko zubira joan gara. Altua da zubia eta konpainiaren pasaeran argazki onak atera daitezke. Bada nobedade bat hemen ere: Ertzaintzako hainbat agente. Zertarako? Ba, susmatzen dugunez, azken urteetan zubi honetatik Jaizkibelen aldeko mezuekin eskegitzen dituzten pankartak kentzeko.

Zabaldu dute pankarta. “Egingo dugula, lortzear gaudela, gora Jaizkibel!” dio. Berehala joan dira ertzainak hura kentzera. Marka da, urtetan debekatutako plastiko beltzak erretiratu ez dituen indar polizialak hau egitea: zenbaitek gatazka honetan eman nahi duten itxura neutrala zein punturaino dagoen posizionatuta erakusten du. Eta noren alde.

Baina badago goiz honetan bestelako argazkirik ere. Adibidez, Alde Zaharretik kanpo Jaizkibel normaltasun osoz txalotzen duten herritarrena. Sainduako ermitara iritsi eta lerroak hausten dituzten arte, bizilagun askok ikusten dute urtero desfilea, inolako gertakari arrarorik gabe. Kale Nagusia da Alarde diskriminatzailearen azken gotorlekua eta hor egingo duten performancea prestatzeko urte osoan egiten dute lan. Eta kazetari bezala, zalantza daukat fokuarekin asmatu ote dudan, kronika honetan bertan ere Kale Nagusiko gertakariak baitira nagusi. Igande arratsaldean Alde Zaharrean gertatzen dena gorabehera, ordea, desfile parekideak normal-normal zeharkatuko ditu herriko gainontzeko kaleak. Eta horrek esan nahi du hondarribiarrek dagoeneko onartu dutela, hitzez ez bada inplizituki, Alarde egunean emakumeek soldadu gisa ere desfilatzen dutela. 23 urte daramatzate hori egiten: herritar askok ez dute bestelako Alarde egunik ezagutu.

Kalean normala dena instituzioetan ere normala izan behar litzatekeela esaten zuen Trantsizio garaiko politikari batek. Hondarribiko, Gipuzkoako eta EAEko erakundeek ere aplikatu ahalko liokete printzipio hori beraien jardunari: urtetan konpainia parekidearen aurrean erakutsi duten mututasuna adierazgarria da –salbuespen bakarra Gipuzkoako Foru Aldundian Bildu egon zen garaian gertatu zen– eta horrek hegoak eman dizkio Alarde baztertzaileari. Baita gai hau “bizikidetza arazo” soil gisa planteatzeak ere, Aldundiak egiten duen moduan, sakoneko problema urardotuz, alegia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna dagoela jokoan.

Irailaren 8a pasako da eta 365 egun geratuko zaizkie erakunde horiei gai honetan perspektibaz aldatzeko. Urte batez Alarde parekidearen aldekoek jaia tentsio gutxiagorekin bizitzeak ez baitu beste guztia aldatzen: konpainia batek besteetatik bereizita desfilatzen jarraitzen du, emakumeak ere partaide direlako. Eta hori normaltzat hartuz gero, aurrekari txarra jartzen da, ez bakarrik Hondarribian, baita erakundeok gobernatzen duten gainontzeko lekuetan ere.

Jaizkibel konpainiaren alardea iruditan.