Ia 500 sinadura bilduak dituzte Change.org gunearen "Zaldibiako eraldaketa gunea martxan!" kanpainarekin, Zaldibian dagoenekoz prest dagoen baina Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko akordio faltaz martxan jarri ezin den transformazio gunea lanean has dadin.
Nekazaritza industrialari uko eginda bestelako laborantza eredu batean ahalegintzen ari direnek, kalitatezko produktuak ekoiztu eta herritarrekin zuzeneko harremanak lantzeko beharrezko ikusten dute Zaldibiako “Goizane” eraldaketa gunea, nork bere ekoizpena transformatzeko aukera ematen du salmenta zuzenari ekiteko: kontserbak, esnekiak, eztia, zukuak...
Idatzian salatu dutenez, “Goizane”k instalazioak abian jartzeko pronto dauzka baina Gipuzkoako agintariekiko azken adostasunaren zain daude geldirik. Sinadura bilketarekin egoera hori da desblokeatu nahi dutena.
Deialdiaren testua osorik:
Zaldibiako eraldatze gunea
Gipuzkoan bagara hamaika baserritar, gazte eta hain gazte ez garenak, ingurua errespetatuz bertan ekoizten eta saltzen jarraitu nahi dugunak. Bide industrialari heldu gabe, lurrari lotutako elikagaiak sortzen ditugu, sasoian sasoikoak, eta ahalik eta ekologikoenak. Denon osasuna, bertako ekonomia, paisaia, lurra eta oro har natura zainduz gure bizimodua aurrera atera nahi dugu. Horretarako herritarrekiko tratu eta harreman zuzenak beharrezkoak ditugu. Kalitatezko elikagaiak eskaintzea eta trukean prezio duina eskuratzea da helburua.
Baserri txikietan diru laguntzak mugatuak izaten dira eta bizirauteko efizientzia, dibertsifikazioa, transformazioa edo/eta salmenta zuzena ezinbesteko ildoak dira. Horrela bideragarritasuna, burujabetza zein duintasuna lortzen ditugu eta lanpostu berriak sortzeko aukera ere zabaltzen dugu.
Ikuspegi honetatik Zaldibian eraiki den transformazio gunearen aukera oso interesgarria da baserritarrontzat, nork bere ekoizpena transformatzeko aukera ematen du salmenta zuzenari ekiteko: kontserbak, esnekiak, eztia, zukuak,... Gune kolektiboa da eta errentagarritasun hobetzeko irtenbide berriak zabaltzen ditu: dibertsifikazioa, transformazioa, salmenta zuzena, gazteen instalazioak inbertsio txikiagoak eginez, frogak egitea eta formaziorako aukerak, ...
Zaldibiako Goizaneko transformazio gunea prest dago, azpiegiturak eta makinaria prest daude, martxan jartzea besterik ez da falta. Horregatik agerraldi/idatzi honen bidez eskaera zehatz bat egin nahi diegu instituzioei:
- Prest dagoen transformazio gunea martxan jartzea
- Hitzartuta dagoen bezala, dinamizazio eta kudeaketa lanentzako pertsona bat kontratatzea
- Gardentasuna eta zuzentasuna bermatze aldera kudeaketa ahalik eta publikoena bermatzea
Gune hau Gipuzkoa osoari zerbitzua eskaintzeko sortua da eta proiektu erreferentzial bihurtu daiteke Gipuzkoako gainontzeko eskualdeentzat. Dagoeneko herrialde osoan badaude baserritar asko interesaturik, gu horren adibidea gara, Zaldibiako gunea noiz zabalduko zain. Herritarron zein baserritarron atxikimendua eskatzera gatoz, kalitatezko elikadura ez baita baserritarron ardura bakarrik, denon ardura baizik. Sistema bidezkoagoa eraikitzen joatea denon mesederako izango da: herritarrak, baserritarrak eta ama lurrarentzat.