argia.eus
INPRIMATU
Goienerrek Energia-Komunitateak sustatzen jarraituko du, ingurumena errespetatuz eta gizartea ahaldunduz
  • Goiener energia berriztagarrien kooperatibak bere bazkideei azaldu die zer diren "Energia-Komunitateak". Europako Batasunak arautu ditu baina Espainiako legedian ez da osoki ezarri eta "horren zain" dago Goiener bere promosamenaren xehetasunak azaltzeko. Baina iragarri du Hernani eta Leitza udalerrietan Energia-Komunitateak abiarazteko prozesua martxan duela eta azpimarratu du Goiener duela 8 urtetik egiten ari dena horixe dela, Energia-Komunitateak sortzea. Eta bere egiteko moduaren ezaugarriak nabarmendu ditu: "Urruntzen gara proiektu faraonikoetatik (baita berriztagarri bidezkoak direnetatik ere); erregai fosilen erabilera iraunarazten duten ereduetatik, edota, batez ere, pertsonak ahalduntzen ez dituzten jardueretatik".

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 16a
Goiener taldea 2013an, sortu zenean. Zortzi urte daramatza Energia-Komunitateak sustatzen, bazkideei gutunez azaldu dienez.

Zer dira Energia-Komunitateak? Europako Batasunak honela definitzen ditu, Goienerrek bere bazkideei azaldu dienez: "Pertsonak, enpresa txikiak, elkarteak eta tokiko erakunde publikoak biltzen dituen erakunde juridikoak dira; elkarrekin, energia berriztagarriak (elektrizitatea, beroa eta hotza), eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria eta abar sustatzean oinarritutako jarduerak garatzeko helburua dutenak; hori guztia gertuko onura soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa bilatuz". Euskal Herrian energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba erreferentea den Goienerrek azaldu duenez, Europako araudia ez da osoki ezarri Espainiako legerian "eta horren zai gaude gure proposamenaren xehetasunak zehazteko. Bitartean, aurreratu dezakegu zenbait udalerritan —hala nola Hernanin eta Leitzan— prestatze-lanak egiten ari garela Energia-Komunitateak abiarazteko modu sendo, parte-hartzaile eta erresilientean".

Goiener duela 8 urtetik jada egiten ari dena

"Eta zenbaitek pentsatuko duzue... baina Goiener duela 8 urtetik egiten ari dena ez al da hori bera? Horixe ba! Hain zuzen hori da albiste ona" nabarmendu du kooperatibak. "Mota horretako ekimenak laguntzeko esperientzia dugu, ikasten jarraitzeko gogoa eta, batez ere, bide hau egiteko konpainiarik onena: gure bazkide eta laguntzaile guztiena".

Energia-Komunitate guztiak berdin al dira?

Energia-Komunitate guztiak ez direla berdin ondorioztatu dezake herritarrak, Goienerrek bere lana definitzeko azaldu dituen ezaugarriak irakurrita: "Sortu ginenetik energia guztiona eta guztiontzat nahi izan dugu. Horregatik urruntzen gara proiektu faraonikoetatik (baita berriztagarri bidezkoak direnetatik ere); erregai fosilen erabilera iraunarazten duten ereduetatik, edota, batez ere, pertsonak ahalduntzen ez dituzten jardueretatik.

Guretzat, Energia-Komunitate bat dira: etorkizunean tokian-tokian agintea hartu nahi duten pertsonak, energia 'tresna' gisa erabiliz, ahalbidetuko duena gizarte bat bidezkoagoa, solidarioagoa, ingurumena errespetatuko duena eta ahaldundua".

"Goiener eskala txikian eta maila oso lokalean erreplikatzea da bidea"

Goienerrek adierazi duu "bideratzailea" dela arlo hauetan: Arlo juridiko-administratiboan, arlo tekniko-ekonomikoan eta parte hartze-ahalduntze arloan. Energia-Komunitatea sortzeko bidea, hiru oinarri hauen bidez egin nahi duela azaldu du:

- Lurralde, eskualde eta udalerri bakoitzean dauden baliabideak aztertuta, "irtenbide jasangarriak eta sorkuntza banatua sustatzeko. Inguruan dugun lurralde-stress altuko egoeran lurrak okupatu gabe uztea lehenetsiz eta lehendik dauden azpiegiturak aprobetxatuz".

- Energia aurreztea eta kontsumo arduratsua sustatuz.

- Benetako parte-hartze demokratiko eta bidezkoa oinarri hartuta.

Laburbilduz, Goiener eskala txikian eta maila oso lokalean erreplikatzea da Goienerrek Energia-Komunitateak hedatzeko duen modua.

Bazkideak animatu ditu "inguruan horrelako proiektu bat martxan jartzeko interesik badagoela" uste badute, edo Energia-Komunitateak zer diren "lehen eskutik" ezagutu nahi badute, zuzenean harremanetan jartzera komunitateak@goiener.com helbidera idatzita.

Bideo hau ere zabaldu dute: 2020ko abenduaren 1ean, 40 toki-erakunderen aurrean egindako webinar bat da eta bertan Santiago Ochoa de Eribek azaltzen du Energia-Komunitateen gaia: