argia.eus
INPRIMATU
Goienerrek mapa jarri du martxan, bazkide diren erakundeak ezagutzera emateko
  • Goiener Taldeak mapa interaktiboa jarri du martxan, kooperatibako bazkide diren erakunde eta negozioen oinarrizko informazioa emateko. Dagoeneko 165 negozio eta erakunde aurkitu daitezke bertan. Maparen helburua honela adierazi du Goienerrek: "Edozeinek aukera izatea kontsultatzeko zeintzuk diren Goienerreko negozio eta erakunde bazkideak. Izan ere, gure helburua bazkideei ikusgarritasuna ematea da, guztion artean sare sendo bat sortzeko bidean".

ARGIA @argia 2020ko irailaren 22a

Goiener Sarea du izena mapa honek eta bertan negozioak eta erakundeak euren jardueraren arabera daude banatuak atal ezberdinetan: hezkuntza, ostalaritza, elikadura, mugikortasuna, komunikazioa... eta erabiltzaileak kokapenaren bidez edota izenaren bidez bilatzeko aukera du. Mapan agertzen den eragile bakoitzak bere oinarrizko informazioa biltzen duen fitxa dauka. Tartean da ARGIA ere.

Sareko enpresak indartzeko asmoz sortua

Mapa hau sortzeko ideia konfinamendu garaian izan zuten, "Goiener Taldean gure bazkideak negozioak aurrera ateratzeko edukitzen ari ziren zailtasunak ikusi genituenean. Orduan konturatu ginen ideia ona izan zitekeela bazkideen negozioak nolabait Goienerreko gainontzeko bazkideei erakustaraztea, zerbitzu eta behar baten aurrean, Goiener Sarearen barruan beharra asetzeko asmoz".