Nafarroako Legebiltzarrak Goicoechea auziari buruzko ikerketa batzordea eratzea erabaki du aho batez. Yolanda Barcinaren Gobernuaren aurka PSNk atzo iragarri zuen zentsura mozioari buruzko egoera ere argitzen doa pixkanaka, nahiz eta oraindik gauza asko dauden airean. Formalki PSNk 15 eguneko epea eskaini dio Barcinari dimititzeko eta bestela zentsura mozioa jarriko du, baldin eta ikerketa batzordeak frogatzen badu Idoia Nievesek Lourdes Goicoechearen aurka egindako salaketak egiazkoak direla.
PSNk bere kabuz aurkeztu du zentsura mozioaren aukera eta, Nafarroako Legebiltzarreko bigarren alderdia denez, erabaki du Roberto Jimenez izango dela Nafarroako Gobernurako lehendakarigaia. Jimenezek adierazi zuenez, gobernu berriaren lanik nagusienak “ikuskaritza eta kudeaketa” lirateke, “datorren hurrengo gobernuak ezustekorik izan ez dezan”. Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko bozeramaileak gaur goizean Euskadi Irratian adierazi duenez, ez da logikoa lehendakaritzarako hautagaia Roberto Jimenez izatea, EH Bilduk gehiago dituelako. PSNk 9 parlamentari ditu eta Bildu eta Aralar-NaBairen artean 13. NaBai izan zen bigarren indarra hauteskundeetan 8 parlamentarirekin, baina 2012an zatiketa izan zen Nabai eta 6 parlamentari Aralar-Nabai taldean geratu ziren eta beste 2k Geroa Baira egin zuten. Zabaletak defendatu du Gobernu teknikoa bada, lehendakaria ere teknikoa izan dadila eta Jimenez ezin dela hori izan.
Legebiltzarreko ikerketa batzordeak ziztu bizian egin beharko du lan, baina Nievesek herenegun emandako egindako aitorpena eta emandako datu zaparradarekin, Goicoecheak gaitza izango du errugabe ateratzea. Azken finean, hainbat datu hobeto edo okerrago frogatu ahal izango dira, e-postak eta beste hainbat froga hor egongo direlako, baina beste hainbat sinesgarritasuna eta interpretazioen arabera geratuko dira, adibidez, ea biek elkarrekin bazkaldu zutenean Goicoecheak Nievesi egindako eskaerak norainokoak izan ziren.
Pentsa liteke martxoko zentsura mozioa aurrera aterako dela eta, beraz, Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskunde aurreratuak maiatzaren 25ean izango direla, Europako Legebiltzarrekoarekin batera. PSNk ez zuen sostengatu 2013ko apirilean egindako zentsura mozioa, ezta ere aurretik CAN ikertzeko oposizioko gainerako taldeek bultzatu nahi zuten ikerketa batzordea, baina orain prest da gobernu berria osatzeko. Hainbat klabe izango dira, baina bat Europako hauteskundeekin bat egiteko zegoen aukera da, eta PSNk ondo baliatu du unea, normalean Europako hauteskundeetan Nafarroako Legebiltzarrekoetan baino emaitza hobeagoak lortzen dituelako. Azken Europako hauteskundeetan (2009) 62.000 boto lortu zituen (datua borobilduz) eta Nafarroako Legebiltzarrekoetan (2011) 51.000 boto.
Orain PSOE eta PSNren adierazpen dantza ere hasten da, Elena Valenciano PSOEko idazkaritza nagusirako hautagaiak iragarri du PSOE ez dela inora joango Bildurekin, baina ez du joan beharrik, nahikoa bailitzateke honek zentsura mozioari sostengua eskaintzea eta listo. Modu asko dago behin-behineko gobernua aurrera ateratzeko, baina Espainian eta Nafarroan eskuinak gogor astinduko du PSOE, azken finean Bilduren sostengua behar duelako, eta PSOE defendituko da esanez ez doala Bildurekin; PSNk Nafarroako egoera kaotikoa bideratu behar dela azpimarratuko du. Edozein eratan, datozen aste eta hilabeteetan mugimendu handiak izango dira Nafarroan.