Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu lotuko dituen goi tentsioko linearen inguruko galdeketa egin dute asteburuan Gipuzkoa eta Nafarroako 39 herritan. Orotara 5.156 lagun zeuden bozkatzera deituta, eta %63ak hartu du parte. Horietatik %99,32 proiektuaren aurka azaldu da.
3.248 lagunek eman dute botoa: 3.228 proiektuaren aurka azaldu dira; aldeko 5 boto izan dira, 6 zuri eta 9 baliogabe.
Gipuzkoari dagokionez, Gabiria, Mutiloa eta Zeraingo herritarrak zeuden botoa ematera deituta. Galdeketan parte hartu duten guztiek –575 lagunek– aurkako botoa eman dute.
Galdeketaren antolatzaile Autopista Elektrikorik Ez plataformak prentsaurrekoa eskainiko du gaur, emaitzen balorazioa egiteko.
Goierriko goi tentsioko lineari buruzko dokumentala
Proiektuaren aurkako plataformak dokumentala egin du, azpiegiturak Goierrin sortuko dituen eraginen inguruko informazioa zabaltzeko. Gattiken produkzio-etxeak ekoitzi du.